euskal presoak

Etxerat-ek salatu du 'Parot doktrinari' buruzko erabakia "mendekuan oinarrituta" dagoela

Presoen senideek "larritzat" jo dute Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, eta horrekin "presoak ez ezik, senideak ere zigortu" egin dituztela azaldu dute. Apirilaren 14n Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

2012ko apirilaren 4a
14:26
Entzun

Etxerat-ek gaur goizean Donostian egindako agerraldian salatu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina ezartzearen inguruan hartutako erabakia "mendekuan oinarrituta" dagoela, eta doktrina hori indargabetzeko eskatu du.

Mattin Troitiñok eta Pili Agirrek hartu dute hitza Etxerat-en izenean. Agirreren arabera, erabakia "larria" da, eta ez du "politikoa ez den bestelako azalpenik". Etxerat-ek berretsi du erabaki horrek ez dituela presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen.

Presoen senideek salatu dute "presoak ez ezik, senideak ere" zigortu dituztela, "astebururo Euskal Herritik ehunka kilometrora bidaiatzen jarraitu" behar dutelako.

Parot doktrina-rekin "bizi bitarteko kartzela" ezartzen dela salatu dute, eta hori "legez kanpokoa" izateaz gain, "salbuespenezko politika" agerian uzten duela gaineratu dute.

Etxerat-ek ohartarazi du gaixotasun larriak dituzten 14 presoetatik seik hogei urte baino gehiago daramatzatela espetxean, eta horietako bosti Parot doktrina ezarri zaiela.

Apirilaren 14n doktrinaren aurka Bilbon egingo duten manifestaziora biltzeko deia egin dute.

Atzo presoen abokatuek salatu zuten Konstituzionalaren erabakia politikoa dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.