«1989an euskal preso politikoei ezarritako sakabanaketa politikak ondorio latzak ekarri dizkigu».Etxerat-ek atzo Iruñean ozen oihukatu zuen egungo testuinguru politikoan euskal preso politikoen egoera ez dela batere aldatu eta espetxe politikaren ondorioak presoekin batera euren senideek pairatzen jarraitzen dutela. Astebururo senideak ehunka eta milaka kilometro egin behar izaten dituzte errepideetan, eta istripuak izateko arriskua izan ohi dute. Etxerat-ek gogora ekarri du 1989tik hona 400dik gora istripu izan direla eta horietan 16 lagun hil direla. Aurten, berriz, orain arte sei istripu izan dituzte. Baina horrez gain, espetxeetan zein errepideetan polizien galdeketak eta miaketak jasaten jarraitzen dute. Horregatik, berehalako aldaketak exijitu ditu Etxerat-ek: «Espetxe politikak ezin du minutu bat gehiago iraun».
Etxerat-ek uste du «mendeku gosean» oinarritutako politika horren biktima euskal gizarte osoa dela. Erakundearen ustez, egungo espetxe politikak oinarrizko eskubideak urratzearekin batera «egiazko bake eta demokrazia egoera» oztopatzen du. Horregatik, funtsezkotzat jo du espetxe politika konponbide irizpideetara eramatea eta «muturreko egoerak berehala altxatzea». Hori lortzeko bidean, uda honetan egingo diren ekimenetan parte hartzera dei egin du.
Egoera larrien testigantzak
Salatutako egoera larrien artean, espetxe batetik bestera garraiatzerakoan presoek jipoiak jasaten dituzte. Berriki, kasu, Saioa Sanchez Frantziako Poitiers espetxetik epaitegira bidean jipoitu egin dutela jakitera eman dute.
Gainera, Etxerat-ek beste hainbat testigantza eman ditu ezagutzera. Horietako bat Txarli Landarena da. Arriskua saiheste aldera senideak garraiatzen dituen borondatezko gidari bat da, eta polizien aldetik euren aurkako «xaxatzea» handitu egin dela salatu du. Hasieran, espetxeetan ibilgailua geldi zutela galderak egiten zizkieten: «Nortzuk zarete, zertara etorri zarete, zenbat diru jasotzen duzue... eta tankera horretakoak». Zenbait tokitan, euren hoteletako logeletaraino igo dira gauez galderak egitera: «Gauero gidatzen dugu, eta denbora gutxi dugu atseden hartzeko. Esnatu eta loa mozten digute». Azkenaldian, berriz, bi orduko galdeketak egin izan dizkiete errepidean.
Garbiñe Gomez abokatuak Olatz Abadia bezeroari jazotakoaren berri eman du. Iazko urtarrilean, Cadizeko (Espainia) Puerto de Santa Maria espetxean preso den mutil-lagunarekin aurrez-aurreko bisita batean funtzionarioek Abadiari haztapenezko miaketa eskatu zioten. 1.100 kilometro egin ostean, onartu egin zuen eta araudiak intimitate eskubidea bermatuko den leku batean egitera behartu arren, espetxe atarian egin zen. Funtzionario emakumezkoak gorputz osoa miatu zion, eta Abadiak protesta egin zuen. Funtzionarioak bisita egitea ukatu zion eta gerora salaketa jarri zuen bultzatu egin zuela arrazoituz.
Hasieran, atentatua egitea leporatu zion fiskalak eta gero autoritatea aintzat ez hartzea. Hainbat lekukok Abadiak funtzionarioa bultzatu zuela ukatu arren, prozedura laburtu bidez auzi saioa izan da berriki Cadizeko epaitegi batean. Gomezek «surrealistatzat» jo du, eta sistemaren arbitraritatea agerian geratu dela iritzi dio: funtzionarioak dio ez duela gertakaria oroitzen, eta bere buruzagiak ez zuela ezer ikusi dio. Hala ere, fiskalak 11 hilabeteko espetxe zigorrari eutsi dio.
Jasone Campañak, berriz, aurten istripua izan du. Miguel Angel Llamas bisitatzetik Iruñera zetorrela Soriako errepide batean gurpila lehertu eta istripua izan zuten. Bi haur zihoazen eurekin baina ibilgailua kontrolatzea lortu zuten, eta onik atera ziren. Haizea Rodriguezek, berriz, salatu du guardia zibilek Soto del Realera bidean bi orduko miaketa egin ziotela.
Etxerat: «Espetxe politikak ezin du minutu bat gehiago iraun»
Istripuak izateko arriskuaz gain, errepide eta espetxeetan miaketa eta galdeketak jasaten dituztela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu