Euskal presoak

Etxeratek berriro konpromisoak eskatu ditu presoen sakabanaketa bukatzeko

LAB, EHNE, EILAS eta ELAren bisita izan dute gaur presoen senideek Donostian, Artzai-Oneko itxialdian. Unai Gonzalez presoaren amaginarreba hil zen atzo; larunbatean auto-istripua izan zuen Espainiako kartzela batera bisitara zihoala. Etxerat "ezintasunaren amorruz" dago.

2007ko abenduaren 26a
13:34
Entzun
Euskal preso bat bisitatzera joandako beste senide bat hil berri dela-eta, Etxerat erakundea "ezintasunaren amorruz" dago, eta espetxe politikari egotzi dio heriotza. Hain zuzen, Unai Gonzalez presoa Teruelgo (Espainia) kartzelara bisitatzera zihoala auto istripua izan zuen haren amaginarrebak larunbatean -Natividad Juncok-, eta atzo zendu zen.

Etxeratek berriro konpromisoak eskatu dizkie erakundeei, alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei "hau dena bukatzeko". "Konpromisoen zain gaude, horien beharra dugu eta, borondaterik baldin badago, hau guztia bihar bertan bukatuko da", esan du gaur Polentxi Goikoetxea Etxeraten eledunak.

Donostian egin ditu adierazpenok Goikoetxeak, Artzai-Onean. Etxeratekoak itxialdia ari dira egiten han, eta gaur presoen beste hainbat senide izan dituzte ondoan. "Errealitatea gordina da eta hausnartu dezagun elkarrekin. Gure senide errepresialiatuak bizirik nahi ditugu etxean".

Gaur lehendabizi LAB, EHNE eta EILAS sindikatuen bisita izan dute presoen senideek Artzai-Onean, eta ELArena ere izan dute ondoren.

Dagoeneko hamasei dira euskal presoen aurkako sakabanaketa politikaren ondorioz hildako euskal herritarrak. Etxeratek emandako datuen arabera, azken ezbehar hori kontuan hartuta, aurten 36 lagunek izan dute istripua sakabanaketaren eraginez.

Urte zahar egunez presoen eskubideen alde mobilizazioak izango dira herrietan, eta Etxeratek beraietan parte hartzeko dei egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.