Euskal presoak

Etxeratek dio, iazkoa "zalantzarik gabe, urterik gogorrenetakoa" izan zela

Etxeratek 2004 urtearen balantzea egin du gaur, eta azpimarratu dutenez, iazkoa "urterik gogorrenetakoa izan zen" euskal presoentzat eta haien senide eta lagunentzat, "zalantzarik gabe". Izan ere, beraien ustez, "frantziar eta espainiar Estatuak sakabanaketa politikan sakontzen jarraitzen dute" eta gainera, "azken muturreraino" eraman dute. Euskal presoen kopurua frankismoaz geroztik izan den handiena dela azpimarratu dute, 719koa hain zuzen ere. Urteko balantzea jasotzen duen txostena EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren guztiei emango diete, haiekin elkarrizketatu, eta "sakabanaketa politikarekin amaitzeko zein konpromiso dituzten jakiteko".

2005eko martxoaren 4a
20:00
Entzun
Etxeratek salatu duenez, Frantzian gero eta gehiago dira "gainontzeko kideengandik isolaturik, bakarturik dituzten preso politikoak", eta Espainian, berriz, "isolamendu fisiko zein politikoari, bizitza osorako espetxe zigorra, komunikazio murrizketa, ikasteko debekua eta hamaika urraketa gehiago gaineratu behar zaizkio".

Frankismoaz geroztik inoiz egon den presorik gehiena dagoela diote. "719 euskal preso politiko 6 estatutako 88 kartzeletan sakabanatuta dituzte".

Iaz, Oihane Errazkin euskal presoaren eta, Kepa Miner preso ohiaren eta, Leo Esteban eta Karmele Solaguren senideen heriotza "eragin zituzten bi estatuek" Etxeraten ustez. Horretaz gain, espetxeetan 40 preso "jipoitu" eta "hamarnaka eraso" zituztela diote, 126 senide inplikatuta egon diren 47 istripu "larri" izan zirela era gogorarazi dute. Salatu dutenez, "Espainiar Estatuan" eduki dituzten euskal presoen %23 "isolamendu galerietan" eduki dituzte. Osasun eskubideen ukapena ere izan dela diote, eta ehunka senidek "odoluste ekonomikoari" aurre egin behar izan diotela. "Espetxe Araudiak dioen modura egun komunikazio eskubideari aurre egitea familia bakoitzari, bataz besteko, 1.675,44 euroko gastua suposatuko lioke hilero".

Hori guztia jasotzen duen txostena osatu dute, eta txosten hori euskal gizarte osoari ezagutaraziko diotela jakinarazi, "gure eta gure senide errepresaliatu politikoen aurkako biolentziaren amaiera exijitu dezan".

EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren guztiei ere aurkeztuko diete txostena. Haiekin eztabaidatu, eta "sakabanaketa politikarekin amaitzeko zein konpromiso hartzeko prest dauden jakiteko". Beraiek horren guztiaren berri emango dutela aurreratu dute.

Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak martxoaren 19an Frantziako Fleury Merogis espetxera egingo duen martxara joateko deia ere egin dute. Martxa Euskal presoak bizirik, estatus politikoa orain lelopean egingo dute, bi helbururekin: "batetik, euskal preso politikoek jasaten dituzten eskubide urraketak salatzea eta, bestetik, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa estatus politikoa exijituz burutzen ari den borrokaldiarekin bat egitea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.