Gizartearen bidegabekeria. Maria del Rio giza eskubideen aditu eta Medicus Mundi elkarteko kidearen ustez, hori da kale gorrian bizi diren herritarren egoeraren arrazoia. «Bidegabekeriagatik gizarteak bazterturik kalean bizi diren pertsonak oso larri bizi dira». Ikerketen arabera, babesteko teilaturik ez izatearen zergatiak dira lanik ez izatea, buru zein osasun arazoak jasatea eta droga mendekotasuna.
Hamar eragilek egin dute bat Medicus Mundi elkarteak egindako salaketarekin. Horien artean daude Harresiak Apurtuz koordinakundea, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala eraberritzearen aldeko elkarteen koordinakundea, La Posada de los Abrazos elkartea, Besarkatuz, RASDen lagunen elkartea, Fundeso, ISF, ACPP eta Proclada Yanapay.
Estatistikaren Euskal Erakundeak (Eustat) egindako azterketak dio etorkina zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aterpetxeetan eta jantoki publikoetan iaz onartu zituzten pertsonen erdia. Guztira, 1.833 lagun artatu zituzten. Horietatik %20 goi ikasketak zituzten, eta %13 egin zen lanposturen baten jabe. «Lana lortu zutenen soldata, baina, txikiegia da», nabarmendu du del Riok.
Etxerik gabekoen artean gehienak, %75, gizonezkoak dira. Adinari erreparatuta, 30 eta 45 urte bitartekoak dira nagusiki. Egoera zibilari dagokionez, ezkongabeak edo bananduak dira gehienak.
Legearen arabera, 20.000 biztanletik gorako herrietan etxerik gabekoentzako aterpetxe eta zerbitzuak beharko lirateke. Haatik, gaur egun ez da horrelakorik gertatzen, erakundeak ez baitira ari legea betetzen. Horregatik, instituzioak egin dituzte egoeraren «erantzule». Roberto Jara Harresiak Apurtuzko kidearen iritziz, arazoa tanta bat zen, eta olatu bilakatu da. «Etorkinak pobre ateratzen dira herrialdeetatik eta hemen miserable bilakatzen dira». Horregatik, haren irudiko, «jendeak gau bakar bat kalean pasatzea zer den jakingo balu, konpromiso eta sentsibilitate handiagoa izango luke».
Osasunez larri
Del Riok azaldu duenez, etxebizitzarik ez izateak edo eraikin «kaskarrean» bizitzeak alderdi guztietan du eragina. Batetik, egonkortasun psikologikoa eta emozionala desorekatu egiten du: «Non lo egin ez jakiteak edo jateko aukera izango ote duten ez jakiteak itolarria sortzen du». Patxi Manrique Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabal eraberritzearen aldeko elkarteen koordinakundeko kidea ere kezkatuta azaldu da: «Batzuek, neguko hotzagatik, pneumonia harrapatu dute, eta ez daukate dirurik botika ordaintzeko».
Izan ere, hotzak, hezetasunak eta garbitasun ezak gaixotzeko arriskua ugaritu egiten du. Gaixotasunik okerrenak, baina, burukoak direla azpimarratu dute elkarteek. «Gaixotasun mentalen gaixo kopurua igo da. Kaleak asko zigortzen du, hiru urte baino gehiagoko tratamendua behar izateraino».
Del Rioren hitzetan, kalean bizi direnek diote gizartearen ardura eza eta bazterketa dira «zauririk mingarrienak».
Neguko aterpetxeak arazoa konpontzeko baliabide egokiak badira ere, ez direla nahikoa gogoratu dute eragileek. «Mazarredoko aterpetxean,esaterako, hezitzaileen elkarrizketa gaindituz gero, hiru gau pasatzeko aukera ematen dute, baina hiru hilabete arte ezin dira berriro horra etorkinak itzuli».
Zerbitzuak eta legedia oztopo
Tratamenduak jarraitzeko dituzten zailtasunak mesfidantza sortu du erien artean. Izan ere, buru osasuneko gaitzak dituztenentzako baliabideak urriak dira. Hori dela eta, Munduko Medikuak elkarteak osasun sistema pertsona ororen egoerari eta beharrizanei egokitzeko eskatu du.
Dena dela, osasun zerbitzuez gain bada kale gorrian bizi direnen egoera alda lezakeena, euren esanetan: legedia. «Etxebizitza eskubidea nazioarteko hitzarmen eta Espainiako Konstituzioan aitortua dago, baina ez da ezer aipatzen etxerik gabeko pertsonen inguruan. Ezta dagozkien osasun zerbitzuei buruz ere».
Haatik, osasun eta administrazio zerbitzuei beharrizanei erantzuteko baliabideak sortzeko exijitu diete. Gizarteari, aldiz, etxegabekoen duintasunarekiko errespetua. Konpromisoa.
Etxerik gabekoak osasunez «larri» bizi direla salatu dute hainbat elkartek
Lan, aterpetxe, jantoki eta osasun zerbitzu «faltagatik», buruko eritasunen kopurua igo dela ohartarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu