Etxetik lan egiteko egitasmoa hasiko du Jaurlaritzak

Lana eta familia bateratzen lagundu eta ekoizpena handitu nahi du ekimenak; 29 funtzionario ariko dira

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko Saileko 29 funtzionariok etxetik lan egiteko egitasmo batean parte hartuko dute 2011ko urtarrilaren 17tik aurrera. Saioak iraungo duen lau hilabetean, astean hiru egunetan etxetik lan egingo dute 29 langile horiek, eta beste bi egunetan ohiko lanpostura joango dira. Ekimen horren bidez lana eta familia bateratzen lagundu nahi duela jakinarazi du Jaurlaritzak, baita administrazioaren produktibitatea hobetu ere.

«Estrategikoa» da, Jose Carlos Ramos Funtzio Publikoko sailburuordearen ustez, ekimen hori, eta aurreratu du administrazioaren kudeaketa bera aldatzeko pausoak emateko balioko duela. Helburuetan oinarritutako kudeaketa ezartzeko balioko du, eta horri esker «lehiakortasuna» hobetuko dela gaineratu du.

Saioak alde on asko dituela gogorarazi du Ramosek. Langileen produktibitatea, esaterako, handiagoa izango dela aurreratu du, «motibatuta» dauden orduetan lan egingo baitute. Gaixotasunen ondorioz lanuzte gutxiago hartuko direla gaineratu du, eta langile askok egin behar duten garraioa saihesteko balioko duela ekimenak.

120 kilometro egunero

Funtzionarioek errepidean ematen duten denbora agerian gelditzen da ekimenean parte hartuko duten langileen ezaugarrietan, horien %72k 120 kilometro inguru egiten baitituzte egunero lanera joateko. Parte-hartzaileen artean gizon eta emakumeen arteko oreka gordetzen saiatu da Jaurlaritza, eta erdiek, gutxi gorabehera, seme-alabak dituzte. 29 beharginetatik 12 Gipuzkoakoak dira, 11 Bizkaikoak eta 6 Arabakoak.

Egitasmoa urtarrilaren 17an hasiko den arren, aldez aurretik langileak zein langile horien nagusi zuzenak prestatu behar ditu Jaurlaritzak. Batez beste 120 euro beharko dira, behargin bakoitzeko, lanpostuak sistema berrira egokitzeko. Kasuan-kasuan, ordenagailu eramangarria, Interneterako lotura, sakelako telefonoa eta Jaurlaritzaren baliabideetarako sarbidea ezarri behar izan dizkiete etxean.

Etorkizunean etxetik egindako lana eta bulegoan egindakoa, bietatik izango dela aurreratu du Ramosek, lanpostu guztietan ezarri ezin den arren. Ikerketa, txostengintza, dokumentuen tratamendua, itzulpengintza, webguneak mantentzeko lanak eta mota horretako lanak etxetik egiteko aukera egongo da, besteak beste.

Kataluniako administrazioan, esate baterako, etxetik lan egiteko sistema indarrean dagoela azaldu du Ramosek, eta Generalitateko ordezkari batzuk Jaurlaritzako egitasmoan laguntzen ari direla. Etorkizunean ekimena EAEko beste administrazioetara hedatzeko proposamena egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.