Ikasle Abertzaleek (IA) EU2015 eta LOMCE desobeditzeko deia luzatu dute, eta horretarako zenbait mobilizazio iragarri dituzte ondoko asteetan. Azaroaren 27an manifestazioa eginen dute Leioako Campusean, egun berean EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lehen berrantolatze fasea onartuko dela baliatuz. Salatu dute unibertsitateko estrategia "Bologniaren jarraipena" dela, eta "isilpean eraman nahi duten hurrengo erasoa".
IAk azaldu duenez, "aldaketa sakonagoei bide emateko" keinu bat da EHUko berrantolatze plana, ikasleei eraginen diena: "Errektoretzak dio ikasleoi ez omen digula eragingo. Nola liteke unibertsitatearen berregituratzeak ikasleoi ez eragitea?". Ildo beretik, gaitzetsi dute ikasleak "eztabaidatik kanpo" utzi nahi dituela unibertsitateak, eta "trantsizio mahai bat" eratzeko eskatu diote EHUko errektoretzari.
Bitartean, kaleak eta heziguneak "borrokarako esparru eraginkorrenak" dituztela adierazi dute, eta hori dela eta eginen dute manifestazioa azaroaren 27an. 13:00ean abiatuko da, Mikel Laboa plazatik.
Ikastetxeetan, LOMCE
Ikastetxe eta Lanbide Heziketako zentroetan LOMCE jada "inposatzen" dela adierazi du IAk. Hori dela eta, azaroaren 24tik 28ra desobedientzia astea eginen dute. LOMCEren aitzinean, "herritik eta herriarentzako" hezkuntza sistema bat aldarrikatuko dute.