Gaurko egunez hil zuen GALek Eugenio Gutierrez Salazar 'Tigre', 1984an. Idauze-Mendin (Zuberoa) euskara barnetegi batean parte hartzen ari zela, eskola atarian tirokatu zuten. Langile mugimenduan nahiz Amnistiaren Aldeko Batzordeetan ibilia, 1983ko apirilean egin behar izan zuen ihes Leioatik (Bizkaia), sarekada baten ondoren.
30. urteurrenaren harira, Leioako ezker abertzaleak omenaldi ekitaldia egin du gaur iluntzean, eta 80 lagun inguruk hartu dute parte. Besteak beste, hilketa haren zigorgabetasuna salatu dute. Sekula ez da inor epaitu, eta ikerketarik apenas eginda artxibatu zen auzia.