Eguraldia ez da ona izan, baina bai giroa. Horri heldu diote San Fermin Ikastolako kideek. Lan handia egin dute urtebetez, eta, euria gorabehera, festari eustea erabaki dute. Aterkia eskutan, milaka euskaltzale bildu dira Zizur Txikira. Jendeari gerturatzen jarraitzeko deia egin diote festaren antolatzaileek goizean goiz, eguraldiari aurre egin eta San Fermin Ikastola laguntzeko. Nabarmena izan da kontrastea.
Kolore & Hitz izan da aurten hautatu duten leloa, baina ezin grisago egon da zerua lehen orduetan. Atertuko ez atertuko joan da goiza. Baina etenaldi txiki batzuk baino ez dira izan. Bazekiten hori ikastolako kideek, eta gau gogorra izan dute bart: goizeko ordu txikietara arteko lana, eguraldiari aurre egiteko bideak prestatzen; karpa bana gune bakoitzean. Euriak hainbat arazo eragin ditu ibilbideko gune jakin batzuetan, eta festaren aurkako eraso batzuk ere egon dira. Kableak moztu dituzte zenbait gunetan, eta festaren aurkako pintaketak ere izan dira. Halere, giro ona da nagusi.
10:00etan egin dute irekiera ekitaldia Ikastolako Txikien Patioan. Ikastolaren historiarekin uztartutako familia bat hautatu dute antolatzaileek zinta mozteko. Usoztarrak. Hiru belaunaldi, abizen bakarraren atzean: 1979an ikastolako batzordean ibili zen Javier, aita; egun, ikastolako irakasle eta ama da Begoña, alaba; eta ikastolako ikaslea da txikiena, Saioa. Asko hunkitu dela esan dute hirurek. Javier: “Guk erosi genuen eraikin hau, eta pixkanaka ikusi dugu hazten”.
Euskararen legea, "zaharkitua"
Nahasian joan dira aldarrikapena eta festa ekitaldian. Euskararen legea “zaharkituta” gelditu dela eta errealitateak “gainditu” egin duela esan du Javier Barkos, San Fermin ikastolako lehendakariak. “Euskarazko irakaskuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu nafar guztientzat”. Euskalerria Irratiak 25 urtean egin duen lana ere gogorarazi du. “Ulergaitza da 25 urte antenan eman eta gero, oraindik legeztatu gabe jarraitzea”.
Hezkuntza erreformak izan ditu mintzagai Izaskun Arratibel Nafarroako Ikastolen Elkarteko Lehendakariak. San Fermin ikastolak orain 12 urte egindako Nafarroa Oinez hartu du gogoan. LOGSE legeak eskatzen zituen moldaketak egin ahal izateko dirua biltzea zen orduan helburua, eta egun ere “kezka” aipatu du egungo araudi esparruari eta gastu publikoaren joerari buruz. “Uniformazio hotsak heldu dira, curriculum propioaren aurka”. Eskari argia egin du: “Hezkuntza gastuari bere benetako balioa eman behar zaio”.
Politika eta kultura alorretako jende asko izan da ekitaldian. Zizur Txikian izan dira, besteak beste, Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez (Bildu), Patxi Zabaleta eta Aritz Romeo (Aralar), Uxue Barkos (Geroa Bai), Roman Felones (PSN), Maximino Gomez (Euskarabidea), Helios del Santo (AEK), Sagrario Aleman (IKA), Carlos Garaikoetxea (EA), Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako kontseilariordea.
Lekuko aldaketa eta omenaldiak
Esker ona adierazi diote gerturatu den jendeari antolatzaileek, eta gonbita luzatu diete euskaltzale guztiei. Bigarren Hezkuntzako eskariari aurre egin ahal izateko eraikin berri bat eraikitzeko dirua biltzea da San Fermin ikastolaren helburua. Eguerdian, Tuterako Argia ikastolak jaso du hurrengo urteko festa antolatzeko lekukoa. Susana Suarez ikastolako lehendakariak hartu du hitza: “Ez gara langile asko, ez familia asko ere. Gure komunitatea ez da oso handia, baina hori da gure indarra. Hori eta Ikastolen mugimenduak ematen diguna”.
Euskalerria Irratiak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Iruñeko Euskalerria Irratiak aipamen berezia egin diete antolatzaileek. Eta Jakiunde Arte eta Letren Akademia ere omendu nahi izan dute. Jesus Mari Ugalde akademiako presidenteak jaso du omenaldia: “Oso sari bitxia da hau; polita den neurrian bitxi. Guk jasotzen dugu saria, guk baino asko ere gehiago egin dutenengandik”.
Diasporak ere izan du presentzia omenaldi ekitaldian, Argentinako Necochea herriko ikastolatik bidali duten bideoari esker.