Atzo arratsaldetik aurrera euriteak izan dira nagusi Euskal Herrian, eta arratsaldetik Lapurdin daude arazorik handienak. Gainerako lurraldeetan ere kalte ugari sortu ditu urak egunean zehar baina egoera hobera egiten ari da.
Baiona inguruan, ordea, urak hainbat kale estalita ditu. Aturri eta Errobi ibaiek zenbait tokitan gainezka egin dute eta suhiltzaileak etengabe ari dira lanean kalteak konpontzeko. Hiriburuko tren geltokia itxi egin dute eta erietxean ura sartu delako larrialdi zerbitzuak lehengo solairura mugitu dituzte. Baionan ez ezik, sotoak hustu dituzte iparraldeko hainbat herritan. Errepideetan ere arazo handiak daude. Angelun, Donibane Lohitzunen eta Ziburun ere urak gainezka egin du Lapurdin.
Gainerako lurraldeetan egoerak hobera
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian arazoak sortu dira egunean zehar pilatutako ur kopurua dela-eta, baina egoerak hobera egin duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Hala ere, goizean euri zaparrada handiak izan dira Lekeition eta Bermeon (Bizkaia). Ordu batean 110 litro ur pilatu dira metro koadroko bi herri horietan. Suhitzaileek Lekeitioko eskola bat hustu behar izan dute. Bi herrietako zenbait etxe argi indarrik gabe geratu dira baino jada arazoa konpondu dute. Gasteizen ura Mendizorrotza futbol zelaian sartu da eta aldageletan, prentsa-aretoan eta tribunan kalteak eragin ditu. Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak uholdeen aurreko plana jarri du martxan.
Nafarroan, berriz, Larrialdi Agentziak alerta horia ezarri du. Izan ere, azken 24 ordutan, metro koadroko 40 litro baino gehiago jaso dituzte Urbasan eta Etxarri-Aranatzen.
Gizartea
Euria Lapurdin ari da arazo handienak sortzen
Gainerako lurraldeetan egoerak hobera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu