Aste honetan, asteazkenean, Baionako festak hasiko dira, baina Andra Maria Zuriaren jaiei itxaron gabe, gaur Gasteizeko blusa eta neskek aurrea hartu diete baionesei. Done Jakue eguna da gaurkoa, eta festen atariko dute gasteiztarrek. Izango al dute, ordea, eguraldi hoberik Arabako hiriburuaren jaietan.
Abuztuaren 4an hasiko dira Gasteizko jaiak, baina gaur atera dira kalera, euri artean, blusak eta neskak. Gasteizko kaleetan nabari zen goizean goiz festa giroa, txaranga hotsen artean, eta ohi duten legez omenaldia egin diete urtean zehar hildako blusa eta neskei hilerrian.
Urteroko asto karrera ikusteko jendetza bildu da Andra Mari Zuriaren plazan, eta baratxuri salmenta ere ez da falta izan San Frantziskoko aldapan. Ohitura jarraituz baratxuri-txirikorda erosi dute askok, urte osorako.
Baionesek zorte hobea izango dute asteazkenerako eguraldiarekin. Metereologia zerbitzuek hobera egingo duela iragarri du, eta goizean euri pixka bat egin badezake ere, arratsalderako zeruan ostarteak zabalduko direla. Haizeak indarra galduko du eta gehieneko tenperaturek gora egingo dute, pixkanaka bada ere.