Ekaitza

Euriteak eta haizeak eraginda 31.000 etxebizitza argindarrik gabe daude Ipar Euskal Herrian

Azken orduetako ekaitzak arazo ugari sortu ditu, batez ere Ipar Euskal Herrian. Hain zuzen ere 31.000 famailia argindarrik gabe daude. Hainbat ibaik gainezka egin dute eta uholdeak ere izan dira. Electricite de France elektrizitate konpainiako arduradunek adierazi dutenez, arratsalde amaierarako berrezarriko dute argindarra. Ipar Euskal Herriko barnealde zein kostaldeko etxebizitza horiez gain Biarnon ere 1.000 familia inguru geratu dira argi gabe Pirinio Atlantikoetako suprefeturak.

2006ko martxoaren 11
17:25
Entzun
Datozen orduetan Biarnoko mila etxebizitza horietan argindarra berrezartzeko asmoa du Electricite de France konpainiak. Ipar Euskal Herrian gehiago itxaro beharko dute; gaur arratsaldeko azken ordura arte ez baitute argindarrik izango.

Bart gauean izandako haizeek orduko 100 kilometroko abiadura hartu dute Euskal Herriko kostaldean; Donibane Lohizunetik Hendaiaraino. Biarnon bestalde eurite handia izan da gauean eta ehunka bizilagun aterarazi dituzte eskualdeko hainbat hiritatik.

Errepideetan ere oztopoak eragin ditu eguraldi txarrak

Ibaiak gainezka, luiziak nonahi, euria eta haizea. Horiek izan dira protagonista atzo hasi eta gaur goizera arte. Pixkana euri gutxiago ari duela dirudi era arazoak gutxitzen ari dira baina traba ugari daude Euskal Herriko errepideetan. Euskalmeten arabera okerrena pasatu da dagoeneko

Goizean, Bidasoa ibaiak gainezka egin du eta N-121 errepidea itxita dago Gipuzkoa eta Nafarroa artean, Igantzi parean. Luiziak ere izan dira eta esaterako Sunbilla parean ere errepidea itxita dago. Hori dela eta Ertzaintzak eta Nafarroako Foru Poliziak trafikoa A-15 autobidera bideratu dute.

Beste hainbat errepide ere itxita daude Nafarroan. Batetik Ziordia eta Olazti arteko errepidea, Arakil ibaiak gainezka egin duelako. Baita Huarte Arakil eta Irañeta arteko errepidea ere.

Irurtzun eta Astrain lotzen dituen NA-7010 errepidea eta Irurtzun eta Goldaratz arteko NA-1300 errepideak ere moztuta daude, eta A-172n, Agoitz eta Burgete artean, kontuz ibiltzea gomendatu dute ur putzuak direla-eta. Luzaiden ere ur asko dago, eta adi gidatu behar da.

Bestalde, Belaguan NA-1370 errepidea itxita dago elurragatik 18. kilometrotik aurrera.

Arga ibaiak gainezka egin du Iruñea eta Burlata inguruan, eta zenbait tokitan metro erdi eta metro bateko altuera hartu du urak San Frantzisko kale inguruan; auto batzuk harrapatu ditu.

Gipuzkoan, berriz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, goizeko 6:00ak eta 8:00ak bitartean luiziak izan dira GI-631 errepidean Azkoitia eta Urretxu artean; Getaria eta Zumaia artean, N-634 errepidean, Itziarko gainean eta Arrasaten. Azken honetan, GI- 627 errepidea itxita egon da goizeko 08:00ak ezkero.

Donostiako saihesbidean, A-8 autobidean, ur putzu handiak sortu dira, Irunerako norabidean, eta N-1 errepidean ere gauza bera gertatu da, Andoain, Tolosa eta Billabona parean. Mutrikun ere ur putzu handiak daude, baita GI-631 errepidean, Zestoan. Tentuz gidatzea gomendatu du Herrizango Sailak.

Bizkaian, BI-635 errepidean ere luiziak izan dira Autzaganeko gainean; baita Alonsotegi eta Balmaseda arteko BI-636 errepidean ere.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazu duenez, Bidasoa, Deba, Araxes, Urumea eta Oria ibaien egoera kezkagarria da eta kasu horietarako protokoloa martxan jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.