Euroak beste maximo bat lortu zuen atzo, 1,48 dolarretara iritsita. Goizean goizetik hasi zuen gorako bidea, hasi orduko hautsi baitzuen ordura arteko marka: eguerdia baino lehen 1,4766 dolarretan zen Europako txanpona, azaroaren 9an ezarri zuen 1,4752 dolarretako muga gaindituz.
Dolarrak izandako makalaldiak eragin du, beste behin ere, euroaren indartzea. AEBetak ekonomiaren ahulaldiaren inguruko beldurrak areagotu egin ziren atzo, eta horrek zuzenean eragin zion txanponaren balioari. Etxebizitzak eraikitzeko baimenak gutxitu egin dira urrian, azken datuen arabera, eta hori gutxiago eraikiko denaren seinaletzat hartu dute inbertsiogileek, eraikuntza sektorea ahul dagoela erakusten du horrek. Hipotesi hori betez gero, herrialde hartako Erreserba Federalak interes tasak jaitsiko dituela sinetsita daude adituak, eta horrek ere ez dio batere mesederik egin billete berdeari.
Bestalde, Txinak eta Saudi Arabiak dolarretan dituzten erreserbak murriztuko dituztela esaten hasi dira zenbaitzuk, eta espekulazio horiek epe motzera dolarrari eragiten diotela argi dute adituek: «Iraganean ere hala gertatzen zen, esamesek eragina izaten zuten dolarraren balioan, eta, oraingoan ere, halatsu gertatzen ari da» , esan du John Lipsky NDF Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ordeak. Dolarraren balioa oraindik ere jaitsiko delakoan dago, gainera, Lipsky, «munduko ekonomiaren egoera kontuan hartuta oraindik ere gain baloratuta dagoelako».
Etorkizunak etorkizun, euro «sendoegiaren» beldur agertu dira enpresaburuak, esportazioei eragingo dion beldur.
Euroa 1,48 dolarretara iritsi da, inoiz izan duen baliorik handienera
Etorkizunean dolarra gehiago ahuldu daitekeela uste du NDFko zuzendari ordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu