Agengo Auzitegiak libre utzi du Daniel Dergi bere kontrako euroagindu eskaera erabaki bitartean. Atzo egin zuten euroagindua aztertzeko saioa, eta uztailaren 27a baino lehen erabaki beharko dute.
Cahors-en atxilotu zuten Dergi uztailaren 6an, eta erabakia hartu bitartean han egon beharko du. Frantziako Ministerio Publikoaren abokatu nagusiak euroaginduaren gaineko zenbait xehetasun eskatuko dizkio Madrilgo Auzitegi Nagusiari, eta Dergi aske uzteko oztoporik ez du jarri, ezta auzia atzeratzeari ere, Kazeta.info webguneak jakinarazi duenez.
Dergi gose greban da atzeman zutenetik, eta ahul agertu zen atzo auzitegian. Bere aurkako konplota salatu zuen, eta 2008an baldintzapeko askatasunean geratu ostean, bere bizitza egin duela azaldu zuen. Orain dela 17 urteko gertaera batzuengatik eskatu dute espainiaratzea.