Euroaginduak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela berretsi ondoren, martxoaren 19an Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean horren kontra protesta egitera deitu dituzte Euskal Herriko hautetsi eta herritarrak. Hendaiako Joncaux eremuan astelehenetik gose greban diren hiru lagunek egin dute deialdia,Irati Tobar euroaginduaren jomugan dagoen Segiko kideak eta Lapurdiko bi hautetsik, Xabi Hirigoien (Beskoitze) eta Iker Elizalde (Hendaia).
Ehundik gora hautetsi eta eragilek bat egin dute deialdiarekin.Hendaiako auzapez ohi eta Kontseilari Nagusi Kote Ezenarrok nabarmendu zituen horretara bultzatu duten arrazoiak. Batetik, euroaginduak adierazpen politiko oro ito eta gobernu batek haren kontrako oposizioa kalitzeko tresna bihurtu dela salatu zuen. Bigarrenik,Seyssesko (Tolosa, Frantzia) presondegian dauden Segiko zazpi kideen eta Irati Tobarren elkartasunez egiten zuela erran zuen, eta, azkenik, zortzi militante horiei sostengua eman zieten hautetsiei Poliziak egin jazarpen bortitza salatzeko.
Hendaiako gose grebarekin batera, Seyssesko espetxean dauden Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz, Endika Perez, Jazint Ramirez eta Xalbador Ramirez eta Aiala Zaldibar Segiko kideek txandakako baraualdiari ekin zioten asteazkenean.
Hautetsien salaketa
Euroagindua eskubide zibil eta politiko oro zangopilatzeko baliatzen dutela erran zuen Xabi Hirigoienek. «Espainian aski da Segi, Askatasuna, Batasuna edo hainbat taldetako kide izatea, atxilotua, torturatua eta espetxeratua izateko» adierazi zuen Hirigoienek. Hain zuzen ere, azaldu zuen Espainiak adierazpen berriak lortzeko tresna politiko gisa baliatzen duela tortura, eta, hark eskatutako euroaginduak onartuz, Frantziak torturaren erabilera onartzen duela nabarmendu zuen.
Euroaginduaren eskutik, Espainian indarrean dagoen salbuespen egoera Europa osora zabaltzen dela azpimarratu dute bi hautetsiek. «Testuinguru horretan ehunka hautetsik babesa eman diegu euroaginduaren jomugan dauden militante politikoei». Militante horiek etxean aterpetzeko prest zeudela jakinarazi dute hautetsiek.
Euroagindu prozedura guztiak bertan behera uztea, estrategia errepresioak gelditzea eta legez kanpo dauden mugimendu politikoak legeztatzea eskatu zieten Frantziari eta Espainiari. Ireki den prozesu demokratikoari ekarpena molde positiboan egiteko deia egin zieten bi estatuei. Yvette Debarbieux Donibane Lohizuneko PCFeko hautetsiak nabarmendu zuen euroaginduaren eskariari men eginez gero, Frantziaren begietara tortura eta salbuespen auzitegiak onargarriak direla.
Peio Etxeberri Aintzart Donibane Lohizuneko hautetsi abertzaleak azpimarratu zuen Frantziak parte-hartze zuzena duela Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoan. Isabel Etxeberria Urruñako hautetsi abertzaleak euroaginduaren aurkako jarrera hartzea eskatu zien orain arte iritzi publikorik azaldu ez duten hautetsiei. Gaur berean euroaginduaren aurkako auto karabana eginen dute Hendaian, herriko etxetik abiaturik.
Euroagindua gaitzesteko deia egin dute ehundik gora hautetsik eta eragilek
Euroaginduak direla eta, Tolosan preso dauden Segiko zazpi kideek ere txandakako baraualdiari ekin diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu