Euroaginduaren aurka hartu dute hitza kontseilari nagusiek Pauen

Eragileek ihardetsi diete Martinen aurkako erabakia hartua dela; ez dela adierazpen garaia, ekintza garaia baizik

Gazte talde batek Notre Damen eskegi zuen euroaginduaren kontrako banderola. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Hunkiturik naiz erabat. Batasunaren proposamenak ez ditut partekatzen, baina frantses hiritar bat estraditatzea ezin dut onartu», adierazi zuen Max Brisson UMP alderdiko buruak Kontseilu Nagusiko osoko bilkuran. Haren gibeletik, talde guztietako buruek Aurore Martinen aurkako euroaginduaren onarpena gaitzetsi zuten, «asaldura, kezka eta emozioa» adieraziz.

Bertzeak bertze, euroaginduaren aurkako arrangura adierazi zuten Jean Castaings Kontseilu Nagusiko presidenteak, Jean Lassalle Frantziako diputatu eta MoDem alderdi zentristako idazkaritza nazionaleko kideak eta Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidenteordeak. Ildo berean Kasazio Gortearen ebazpena arbuiatu zuten MoDemeko Pepela Mirande, Mixel Arhantzet eta Monique Larrange Lange kontseilariek.

Ezkerreko kontseilari nagusiek ere gaitzespen bera egin zuten, hala nola Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez ohiak eta PSko Guy Mondorge eta Christophe Martin kontseilariek. Alain Iriart Hiriburuko auzapezak ere —etiketarik gabe aurkeztu zen—Martinen aurkako ebazpena arbuiatu zuen.

Salbuespen egoera hedatuz

Gizarte eragile eta eragile politiko eta sindikalen iritziz, Aurore Martinen aurkako euroagindua onartuz, Frantziak bere egin du Espainiak indarrean jarri duen «estrategia errepresiboa», eta Hego Euskal Herrian osatu duen salbuespen egoera Ipar Euskal Herrira zabaltzea onartu du. Engoitik, «Espainiari errepresio estrategia orokortzeko autopista» ireki diotela adierazi dute Anais Funosas eta Francis Charpartierrek, eragileen izenean.

Hautetsiek egindako adierazpena urrats baikorra dela nabarmendu dute eragileek. Hala ere, berandu datorrela diote, Paueko Auzitegiak euroagindua onartu eta Parisko Kasazio Gorteak berretsi ondoren. Hitz eta adierazpenekin ez dela aski erran du Funosasek. «Orain ekintzen garaia da, estatuek indarrean ezarri duten salbuespen egoerari aski dela errateko garaia».

Hautetsiei urrats sendoak eta eraginkorrak egitea eskatu diete. Nabarmendu dute Brisson UMPkoa dela, Martinen aurkako euroagindua onartu duen gobernuko alderdikidea. Gisa berean azpimarratu dute Michelle Alliot Marie zela Frantziako Justizia ministroa euroagindua onartu zutelarik. Horrez gain, gogorarazi dute Alliot Marie Donibane Lohizuneko auzapeza dela eta joan den ostiralean bortizki oldartu zitzaiela polizia herriko kontseiluan euroagindua salatzera elkarretaratu ziren herritarrei. Daniel Poulou diputatuari eta Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezari jakinarazi diete zorrotz zainduko dutela haien jarrera, eta «errepresio estrategiarekin» bat egitea leporatu diete eragileek.

Martinen aurkako euroagindua onartuta ere gudu hori ez dela bukatu adierazi du Funosasek. Batasuna Euskal Herri osoan legez kanpo uzteko saioa lehen urratsa dela azpimarratu du. Ondoko aste eta hilabeteetan saio gehiago egonen direla jakinarazi du, Segi, Askatasuna eta ezker abertzaleko bertze egitura batzuen kontra. «Euskal Herria laborategi bihurtu zuten aspaldi, eta hemen egiten dituzten saioak Europa osoan jarriko dituzte indarrean geroan, eragile politiko, sindikal edo gizarte eragileen aurka». Ororen buru, edozein militante egon daiteke estrategia horren jomugan.

Estrategia horri bukaera emateko, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aldeko «herri harresia» osatzera deitu dute eragileek.Atzo berean egin ziren Martinen euroaginduaren aurkako protestak. Ikusgarriena Parisen egin zuten. Gazte talde bat Notre Dame izeneko katedralera igo eta banderola bat zintzilikatu zuten. Euskal gatazkaren konponbidea eta euroaginduaren bukaera eskatzen zuten. Frantziako Poliziak nortasun agiriak eskatu zizkieten lau gazteri. Bat atxiloturik eraman zuten ez zituelako soinean.

Elkarretaratzeak egin ziren atzo Maulen, Donibane Garazin, Donibane Lohizunen eta Baionan. Abenduaren 20tik 22ra kanpaldia eginen dute Donibane Garazin. Eguerdian elkarretaratzeak eginen dira, eta iluntzean eztabaidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.