Astelehenetik asteazkenera, Mauleko (Zuberoa) herriko etxe aitzinean kanpaldia antolatuko du Euroaginduaren Aurkako Zuberoako Kolektiboak. Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen alde leloaren pean Miarritzen burutu ekimenean abiatu «herri harresiaren segida» izan nahi du kanpaldiak. Martin Batasuneko militantea «politika arrazoiengatik Espainiaren eskutan ikusi nahi ez dutelako», ekimen hori antolatu du kolektiboak.
Herritarrak informatzeko
Herritarrei prozedura horren berri ematea dute antolatzaileek helburu. Hiru egun horietan trakta banatze, elkarretaratze, kontzertu eta hitzaldi, hainbat ekimen dituzte finkaturik. Besteak beste, astearte gauean, 19:00etan, «askatasunak urratzen dituen» legedi horren arrisku eta ondorioez eginen dute hitzaldia. Martinen kasuari zentratuz, Espainiaratzea bertan behera gelditzeko zer aterabide den ere aztertuko dute. Anais Funosas eta Claude Larrieu kolektiboko kideak dira hizlari izanen.
Herritarrez gain, Zuberoako hautetsiak, arduradun politiko, sindikal zein elkarteetakoak dituzte bertaratu nahi.
Manifestazio batekin bukatuko da kanpaldia asteazkenean. 18:30ean abiatuko da, Mauleko herriko etxe aitzinetik.
Euroaginduaren aurkako kanpaldia eginen dute Maulen ondoko astean
Miarritzen ekainaren 18an abiatu «herri harresiaren segida» dela dio Euroaginduaren Aurkako Kolektiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu