Euroaginduaren aurkako manifestazioa antolatu dute abenduaren 4rako Baionan

Euroaginduaren ebazpena «aurrekari larria» dela nabarmendu dute alderdi eta sindikatuek

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua onartzea «aurrekari larria» dela nabarmendu dute hainbat talde politiko eta sindikatuk. Hori salatzeko, abenduaren 4an 16:00etan Baionako Euskaldunen plazatik abiatuko den manifestaziora deitu dute. Deitzaileen artean hauek daude: Askatasuna, Batasuna, AB, Segi, LAB, Solidaires, Anai Artean eta Euskal Herria Zuzenean elkartea.

Martinen abokatu Amaia Rekartek azpimarratu zuen Paueko epailearen erabakia kontraesanetan oinarritzen dela. Batasuneko kide gisa Hego Euskal Herrian egindako agerraldiengatik onartu du Espainiaratzea, han legez kanpo dagoelako alderdia; aldiz, Frantzian legezkoa dela nabarmendu du epaileak eta Ipar Euskal Herrian egindako agerraldiengatik ezin dela epaitu. «Argi dago erabaki politiko bat dela, eta, ondorioz, ezin zaio Justiziari eskatu hori argitzeko, arduradun politikoei baizik. Erantzun politikoa behar da».

Martin Espainiaratzen badute ondoko egun eta asteotan euskal militante anitzen kontrako euroaginduak hel daitezkeela jakinarazi zuen Anais Funosas Askatasunako kideak. «Atea irekia egonen da, Espainiak zabal-zabalik ukanen du ildoa».

Erantzun politikoa

Eragileek nabarmendu dute Frantziaren erabakia une politiko berezi batean heldu dela, Euskal Herriak duen gatazka gainditzeko proposamena jarri delarik mahai gainean, eta, ondorioz, probokazio hutsa dela azaldu dute. Gaineratu dute ez dutela onartuko hautetsi, alderdi eta eragileak isilik egotea. «Edo euroaginduaren alde daude, edo kontra; ez dago neutraltasunik. Erabaki beharko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.