Euroaginduen aurkako kontzientzia piztu zuen auzia
Espainiak 2004an eskatu zituen lehen euroaginduak. Geroztik Frantziak hainbat euskal herritar utzi ditu Espainiaren esku. Euroaginduen aurka aurretik ere jendea mobilizatu zen, baina 2010eko hondarretan piztu zen euroaginduen aurkako kontzientzia, Espainiak Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua eskatu, eta Frantziak onartu zuenean. Martinek sasira igarotzea erabaki zuen abenduan, bere lan politikoari eusteko. Segiko zortzi gazteren aurkako euroaginduek Martinenak piztutako kontzientzia indartu egin zuten. Denak Espainiaratu eta preso sartu dituzte, baina Ipar Euskal Herrian babes zabala erakutsi zieten eta mobilizazio ugari egin zituzten. Kontzientzia pizteak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu anitza ere sortu du. Ekainean Miarritzen egindako jardunaldietan itzuli zen Martin bizitza publikora. Egun gutxira txilotzen saiatu ziren, baina jendeak eragotzi egin zien jendarmeei atxiloketa bururatzea. Euskal Herriko, Frantziako eta Europako askotariko alderdi, erakunde eta mugimenduen babesa jaso du Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu