Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa

Europa osoan bat eginda: eragiten

Europako hizkuntza gutxituetako komunitateak gogotsu ari dira parte hartzen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari buruzko ekarpenak egiteko lan prozesuan.

Paul Bilbao galeseraren aldeko eragileekin bilera batean.
arantxa iraola
2016ko maiatzaren 24a
11:40
Entzun

«Proiektu honetan garrantzitsuena prozesua da: hizkuntza gutxituetako gizarte eragileak parte sentitzea». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hilabeteak daramatza mezu horri atxikita. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak zer izan nahi duen Europako bazter askotan esplikatzea tokatu zaio, eta hizkuntza gutxituen alde diharduten erakunde askori azaldu die dokumentu hori osatzeko guztien hitza arras garrantzitsua dela.

1996an Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala izenpetu zen, eta haren lorratzari atxikita zerbait berria egiteko premia ikusi zuen Kontseiluak Donostia 2016 egitasmoaren harira. Proiektu horrek ere hizkuntza aniztasuna jardunbideen ardatzetako bat izatea nahi zuen, eta horixe izan zen, hain justu, protokoloaren ernamuina: «Ja eskubideak zehaztuta zeudela, pentsatu genuen interesgarria zela zehaztea eskubide horiek bermatzeko zer neurri hartu behar diren; Kyoton klimarekin egin zen bezala», azaldu du Bilbaok. «Asmoa zen deklarazioa berpiztea, egikaritza praktikoarekin». Eta instituzioen esku normalean egon ohi den jarduna gizarte eragileen esku utzita. «Gizarte eragileok ez ditugu normalean protokoloak sortzen; estatuek sortzen dituzte». Aurkako norabidean jarduteari deritzote benetako berritasuna.

Ehun eragiletik gora

Horri lotuta, Euskal Herrian egitasmoa aurkezteko saio eta tailerrak egin dira, eta hizkuntza gutxituen arloko Europa osoko ehun gizarte eragilerekin baino gehiagorekin daude harremanetan: protokolorako ekarpen eske. Tokian tokiko errealitatearen arabera egoera aski ezberdinak daudenez, hainbat adierazle sartu dituzte, berezitasunei lekua egin ahal izateko. Lege babes handia eta hizkuntza komunitate trinkoak dauden tokietan protokoloak ezarriko dituen irizpide asko beteta egongo direla adierazi du Bilbaok, baina hizkuntza errealitate guztietarako balekoa izango den dokumentua nahi dutela. Eta erantzuna oso ona izaten ari dela esan du. «Harrera bikaina izan du, bereziki gurea baino egoera makurragoan dauden komunitateetan. Haientzat oso garrantzitsua da ikustea ariketa hau guztiak batera egitera goazela».

Behin ekarpenak bilduta, uda beteko lana izango dute. Ekainean, hain justu, talde antolatzailea ekarpenak bateratzen hasiko da. Irailean batzorde zientifikoa batuko da ekarpenak aztertu eta azken zuzenketak sartzeko. Urrian onartuko du talde antolatzaileak agiriaren azken bertsioa, eta, azkenik, abenduan Donostian aurkeztuko dute. «Orduan deus ez bukatzea espero dugu. Asmoa da dokumentuak nazioarteko aitortza lortzea». Ur handitan: «Hor hasiko da benetako maratoia».

 

Frisiera: «Egungo babesa eta sustapena ez dira aski»

Onno Falkenak frisieraren aldeko jardunbideetan dihardu. Kazetaria da ofizioz, eta hizkuntzari buruzko telebista saio bat egiten du; frisieraren babeserako gizarte eragileak batzen dituen EBLT koordinakundean ere ari da. «Paul Bilbao protokoloaz mintzatzera etorri zitzaigun apirilean», azaldu du. Ordutik beren elkarteetan ere dokumentuari buruzko gogoeta saioak sustatzen ari direla azaldu du. Hara adibide bat: «Aste batzuen buruan protokoloari buruzko tailer bat egingo dugu ikasleen artean». Pozik dago agiri horrekin haragoko urrats bat egitea ebatzi delako: «Argi dago egungo babesa, sustapena eta garapena ez direla aski hizkuntza gutxituentzat».

Oro har, azaldu du frisieraren alde ari diren eragileek gero eta duda handiagoak dituztela Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak ?Europako Kontseiluak 1992an sustatua? ekar ditzakeen onuren inguruan. «EBLTko kideok, esaterako, irmo bultzatu behar dugu Herbehereetako Gobernua hiru urtean behin gutunaren inguruan egin behar duen txostena egiteko», azaldu du. «Hizkuntza gutxituen alde egiteko prozesuak beste bultzada bat eta ideia berriak behar ditu Europa mailan. Horregatik, EBLTn espero dugu protokoloak ideiak eta metodoak ematea hizkuntzen babesa era eraginkorragoan egiteko». Ezinbestekoa deritzo: «Herbehereetan, esaterako, frisiar hiztunen kopurua oraindik handi xamarra bada ere, hizkuntza gutxituak presiopean daude». Protokoloak, gainera, Internetek ekarri dituen aldaketa berriei erantzun egokia eman behar diela uste du. «Argi eta garbi geratu da soilik Facebooken, Wikipedian eta Google Translaten presentzia ona duten hizkuntza gutxituek izango dutela etorkizuna». Eta proposatuko diren neurriek, hain justu, hori guztia aintzat hartu behar dutela iruditzen zaio. «Neurri berriak eta politika berriak behar dira».

Ongi ezagutzen du Donostia 2016 egitasmoa ?Frisiako hainbat elkartek parte hartu dute, hain zuzen ere, Beste Hitzak, Hitzargiak eta Tostan egitasmoetan?, eta hizkuntza aniztasunari erreparatzeko ahalegin bat egin dela iruditzen zaio. Txalogarria. «Euskararen edo frisieraren moduko hizkuntza gutxituak garrantzitsuak dira gure herrialdeen DNArentzat», oroitarazi du. 2018an Frisiako Ljouwert hiria izango da Europako kultur hiriburua izendatuko dutenetako bat, eta ordurako ikasbidea deritzote Euskal Herrian ?besteak beste protokoloaren sustapenarekin? abian ipini den prozesuari. Izan ere, hizkuntza eskubideak bermatzeaz harago, hizkuntzak alor guztietan sustatzea ere zinetan garrantzitsua dela nabarmendu du Falkenak, eta horren aldeko urratsak ere indar handiz bultzatu direla. «Artean, literaturan, filmetan eta musikan». Adibide zehatz bat ipini du: otsailean, Unescok ama hizkuntzak defendatzeko izendatzen duen nazioarteko egunaren harira, Amama euskal filmaren emanaldi bat antolatu zuten. «Frisierazko azpidatziekin».

Sardiniera: «Oinarrizko lanabesa izango da protokoloa»

Sardinian protokoloan ekarpenak egiteko deiari pozarren erantzun diotela azaldu du Nicola Merchek. Sardinieraren defentsan dihardu; boluntario gisara hizkuntza irakasten die bigarren hezkuntzako ikasleei, eta hizkuntza sustatzeko hainbat jardueraren eragilea da. Euroint kultur elkarteko lehendakari gisara bultzatzen ditu ekitaldi horietako asko, eta sardinieraren ofizialtasunaren alde diharduen CSU batzordeko kidea ere bada. Azaldu duenez, garrantzitsua iruditzen zaie, batez ere, hizkuntza gutxituetako komunitateen artean harremanak sendotzea. Esperientziatik mintzo da: «2013an ni eta nire kideak Galizian izan ginen». Han jasotako ikasbideak aurrera egiteko giltzarri izan zirela adierazi du. Euskal Herrian ere izana da, euskalgintzako hainbat eragileren esperientziak jasotzen: «Eta bidaia hura elkarlan baten abiapuntua izan zen». Horregatik, protokoloaren edukiak denek elkarlanean zedarritzeak sortu die poz handia.

«Bidea ematen du gutxiengoak sareko lanean jarduteko», nabarmendu du. «Guretzat, sardiniarrontzat, aukera bikaina izango da beste talde batzuekin harremanak biziberritu eta indartzeko; eta badakigu soilik elkarlanaren bidez lortu ahal izango ditugula gure jendeak bilatzen dituen helburuak». Kontinente osoan, gainera, hizkuntza gutxituen inguruko ahotsa «ozentzeko» bidea iruditzen zaio abiatutako prozesu hau guztia.

Protokoloa bera, gainera, zinetan tresna garrantzitsua izango dela pentsatzen du Merchek. «Iruditzen zait oinarrizko lanabesa izan daitekeela giza eskubideen defentsan aurrera egiteko». Eskubide zibilen alde iragan hamarkadetan egindako lan oparo bat biribiltzeko era iruditzen zaio. Ezin hobea: «1948an Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala egin zen, eta hari jarraikiz egin ziren beste dokumentu asko, 1996an Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala izenpetu zen arte; protokoloa egitea prozesu horren guztiaren jarraipen naturala izango da».

Alor «burokratikoan» ere hizkuntza gutxituen eskubideak bermatze aldera hainbat neurri zerrendatuta edukitzeak erraztasunak ekarriko dituela iruditzen zaio. «Argitu egingo du Europako hizkuntza gutxituetako eskubideen errealitatea zein den». Eta errazagoa izango da, hartara, eginda dagoenaz harago, falta denari ere erreparatzea. Agerian uzteko.

Katalana: «Nahitaezkoak dira tresnak: hortxe sartzen da protokoloa»

Katalanaren defentsan dihardu Plataforma per la Llenguak. Bertatik, Francesc Marco Palau historialaria, taldeko arduradunetako bat. Protokoloaren garrantzia nabarmendu nahi du. «Erreferentzia esparru berri bat dakar hizkuntza normalizazioan», azaldu du. Gizarte eragileek sustatutako dokumentu bat izateak aparteko esangura emango diola iruditzen zaio. Proiektuaren muinean dagoen elkarlanerako borondatea ere zinetan garrantzitsua dela deritzo. Hain justu, batera eginiko proiektu berrien ernamuina izan daitekeela uste du: «Ondorioak gogoeta bateratu baten emaitza izango dira, eta bereziki erreparatuko diegu ingurumari bakoitzean egoki izan diren praktika onei. Hortik aurrera, litekeena da elkarlaneko egitasmo berriak sortzea parte hartzen ari diren eragileen artean».

Aldarrikapenaren eremukoak izaten dira sarri hizkuntza gutxituen defentsan diharduten elkarteen mezuak, eta protokoloari esker harago egin ahal izango dela iruditzen zaio Palauri. «Helburua da ebaztea zein diren hizkuntza eskubideak berresteko neurriak», azaldu du. «Izan ere, nahitaezkoa da eskubideak aldarrikatzeaz gain, horiek errealitate izateko tresnak izatea. Eta hortxe sartzen da, hain zuzen ere, protokoloaren funtzioa: aldarrikapenetik egunerokotasunera doa. Hori da aro berriaren ezaugarri ezinbestekoa». Prozesu osoa zedarritu duen testu oinarrizkoa Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala dela oroitarazi du, eta testu hori Bartzelonan 1996an sinatu zenez, katalanaren alde egindako ibilbide osoa berresteko gogoa ikusten du prozesuaren atzean: «Kataluniako adibideak hizkuntza gutxituen egoera hobetzen lagun dezake».

Gaelikoa: «Gobernuz kanpoko erakundeak dira ardatza»

Irlanda osoan gaelikoaren?irlandera ere esaten zaio? defentsan dihardu Conradh na Gaeilge foroak. 1893an eratutako elkartea da, sustrai sakonduna. Dublin, Galway, Newry eta Belfasten ditu elkarteak egoitza nagusiak. Irlanda osoan, boluntarioz osatutako 180 talde inguru ditu martxan. Bertatik, Ciaran Mac Giolla Bhein. «Protokoloa funtsezkoa da hizkuntza eskubideak bermatzeko», nabarmendu du. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaio gizarte eragileak izatea protokoloaren bultzatzaileak. «Gobernuz kanpoko erakundeak dira ardatza. Normalean, hizkuntza eskubideekin lotutako legeak goitik behera egiten dira, eta komunitateetako kide arruntek parte hartze urria eta eragin txikia izaten dute horien garapenean. Protokoloak bestelako begirada bat dakar horretan». Hortxe ikusten dio abantailarik handiena. Dokumentuak, gainera, proposatzen diren neurriak zenbateraino betetzen diren neurtzeko baliabideak emango dituela iruditzen zaio, eta aski erabilgarria deritzo horri.

Behin protokoloa eginda, uste du garrantzitsua dela hizkuntza komunitateak horren inguruan batzea. Estatuen aurrean «presio lana» egin behar dutela pentsatzen du, dokumentua onetsi dezaten eta bertan proposatutako neurriak aintzat har ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.