Europak aitortu du berandu hasi dela droneak arautzen

Garraio komisarioak dio sakelako telefonoek adinako aldaketa ekar dezaketela droneek datozen urteetan  

2014ko apirilaren 30a
07:57
Entzun

Zabaltzen ari dira, gero eta gehiago, eta alor gehiagotan erabiltzen dituzte, baina arauak falta dira oraindik. Europako Batasuna hasia da pausoak ematen droneak arautzeko. «Berandu». Siim Kallas Garraio komisarioak aitortu du atzeratuta ari dela Europako Batasuna droneei buruzko lege bat egiten. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, indarrean dago arau bat; Europako herrialde batzuk beren kasa ari dira mugak jartzen. Europako Batasunak aurreratu du lau ildo izango dituela kontuan legea egiteko: datuak babestea —jendea espiatzeko erabili izan dituzte droneak—, ordena publikoa errespetatzea, erantzukizunak zehaztea —istripuak izaten direnean eta—, eta aireko segurtasuna bermatzea. Droneen inguruko araua 2016rako indarrean egotea espero dute.

Legea egiteak aldaketa handia ekarriko duela uste du Garraio komisarioak. «Bultzagarri izango da oso, telefoniarentzat sakelako telefonoak izan ziren moduan». Legerik ez izatea eragozpen da gaur egun. Ekonomiaren ikuspegitik erreparatu diote Europako Batasuneko arduradunek: lege aldetik segurtasunik ez dutenez, inbertitzaileek ez dute droneetan dirurik jartzen, eta enpresak ez dira ugaritzen. Droneen industria «ahalmen handikoa» litzatekeela uste du Europako Batasunak, hegazkingintzako enpresek beste sektore bat izango bailukete.

Abantailak erakunde publikoentzat ere izango lirateke. Informazioa errazago eta merkeago jaso ahalko lukete droneen bidez, Garraio komisarioaren hitzetan: «Drone zibilekin azter daiteke errepideen edo trenbideen egoera, uholdeek nolako kalteak utzi dituen edo lursail bat fumigatu, milimetrorainoko zehaztasunez».

Lege berriak delituen kontra

Alor pribatuan ere balituzkete erraztasunak. Mezularitza enpresentzat abantaila litzatekeela nabarmendu du Europako Batasunak, errazago arituko liratekeela.

Lehen urratsa izango da hori, nolanahi ere. Garraio komisarioak azaldu du aireko garraioaz haragoko lege esparrua zehaztu beharko dutela. Droneekin egin daitezkeen delituak jarri ditu adibidetzat. Espioitzarena aipatu dute maiz orain arte, kamera daukaten droneak erabil daitezkeela enpresak nahiz herritarrak espiatzeko; lapurretarako ere droneak erabil daitezkeela ohartarazi du komisarioak. Horren aurrean, delituak zehaztu eta horientzako zigorrak zein izan behar diren, irizpideak jarri asmo dituzte. Denbora beharko dute oraindik, hala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.