«Kezka» sumatu dute Amaia Izko eta Ainhoa Baglietto abokatuek Europan 197/2006 epaiarekiko, Parot doktrina izenekoarekiko. Areagotu egin da, gainera, ezinegona azkenaldian gizartean, eta baita zuzenbide alorreko jendearen artean ere. Euskal presoen kondena «bidegabeki» luzatzen du doktrina horrek, haien hitzetan, eta horregatik egon dira aste honetan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian, Olivier Peter eta Didier Rouget abokatuekin batera. 20 presoren helegiteak jarri dituzte doktrinaren aplikazioaren aurka. Diotenez, «argi eta garbi» egin du Giza Eskubideen Auzitegiak doktrinaren aplikazioaren aurka, Ines Del Rio presoaren kasuan egindako ebazpenean. Espainiako Gobernuak, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak uko egiten diote, ordea, Estrasburgok esandakoa betetzeari, eta horregatik jo dute berriz harengana. Iruñean eman zituzten atzo azalpenak.
Ines Del Rio presoaren kasua hartu dute abokatuek helegiteak jartzeko oinarritzat. Estrasburgok ebatzitakoaren arabera, legez kanpokoa da Espainiak Del Riori Parot doktrina aplikatu izana, haren askatasun eskubidearen aurka jotzen duelako. Eragindako kalteen ordainetan aske utzi behar luketela ere esan zuen. Ebazpenean azaltzen denez, 2006a baino lehen kondenatutako inori ezin zaio Parot doktrina ezarri, atzerako eragin horrek presoen oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta, hain zuzen ere, hori da Del Rioren kasua. Haren askatasuna eskatu dute horregatik abokatuek, eta doktrina bertan behera uztea galdegin diote Espainiari.
Europari entzungor
Baina «entzungor» egin dio Espainiak Estrasburgok Del Rioren kasuari buruz ebatzitakoari. Sententzia behin-behinekoa dela argudiatu dute horretarako. Aske behar zukeen presoa giltzapean mantentzea erabaki dute, eta kasua berriz aztertzeko eskatu diote auzitegiari. «Onartezina» da jarrera hori, abokatuen ustez. Ikusteko dago oraindik Giza Eskubideen Auzitegiak berrikuspena onartuko duen ala ez. Baina eskariari uko egingo balio, irmoa bihurtuko litzateke ebazpena, eta bi hilabeteko epean gerta daiteke hori. Berrikuspen eskaria onartzekotan, ordea, denbora gehiago beharko du auzitegiak behin betiko ebazpena kaleratzeko. Abokatuek «azkartasuna» eskatu dute Estrasburgon jarritako beste 20 helegiteen kasuan ere.
Baikor dira Izko eta Baglietto. Diotenez, doktrinaren aurka egingo du Giza Eskubideen Auzitegiak berriz ere. «Espainiako Estatuak badaki doktrina hau akabatuta dagoela, eta garbi daukagu Europak Inesen [Del Rioren] kasuan bere jarrera berretsiko duela, eta aurkeztu ditugun 20 kasuetan ere Espainiako Estatua kondenatuko duela. Ziur gaude».
«Europak berretsi egingo du 'Parot doktrina'-ren aurkako ebazpena»
Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzitakoari Espainiak «entzungor» egiten diola salatu dute presoen abokatuekInes Del Rio eta doktrina aplikatu dieten euskal preso guztiak askatzea galdegin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu