Jacques Gaillot. Evreux-ko apezpiku ohia

«Europak eragin egin behar du euskal auzian, baina orain arte ez du deus egin»

'Jakilea' aldizkariaren 100. alearen karietara, adierazpen askatasunaren aldeko mintzaldia antolatu du Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak egun Baionan. Gaillot han izanen da.

BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Jacques Gaillot Frantziako Evreux herriko auzapez ohia izan da, Erromako elizak kargua kendu zion arte hainbat arlotan hartu engaiamenduengatik eta plazaratutako iritziengatik. Egun Baionan egonen da, adierazpen askatasunak pairatzen dituen urraketak salatzeko eta giza eskubideen defentsa aldarrikatzeko. Urte luzeotan elkartasuna adierazi die euskal presoei.

Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak deiturik zaude Baionan. Zer pentsatzen duzu gatazka gainditzeko Euskal Herrian gorpuzten ari den aukera berriaz?

Urte luzeotan sufrimendua pairatu ondoren, euskal gizartea bakea eraikitzeko urratsak egiten ari da. Hurbiletik segitu dut Euskal Herriak libre izateko egin duen borroka. Alta, mugimendu guztiak alde bakar baten partetik heldu dira, eta bertze aldea geldi dago. Solasa, negoziazioa, ez dira bide lauak. Baina baikor nago. Hitz egitea zaila den arren, euskal herritarrek bakea nahi dute, eta besotik helduta aitzinatu behar dute, guztiak elkarrekin. Giza eskubideetan funtsezkoetarikoa da adierazpen askatasuna, eta mezu hori zabaldu nahi dut Baionako ekitaldian.

Askatasuna, adierazpena eta bakea berma daitezke, egunkariak itxiz eta alderdi politikoak legez kanpo utziz?

Egunkariak itxi ditzakete, alderdi politikoak debekatu, jendea preso sartu. Baina jende libreak egonen dira beti gizartean. Ez dira anitz izanen, baina hor egonen dira, eta horregatik dira beharrezkoak, miresgarriak. Estatuek legea balia dezakete haien kontra, beldurra, errepresioa. Baina badago jendea, traba horiek gainditu eta goraki mintzo dena, beldurrik gabe. Estatuak horien beldur ere badira, jendeen kontzientziak inarrosten dituztelako. Hor dago Aurore Martinen kasua. Beldurra bazterturik, bere bidea segitzea deliberatu du. Adierazpen askatasunik ez da egonen, baina horrelako jendeek hitz egiten dute. Estatuak ezin ditu horiek isildu. Duten gutxia galtzearen beldur dira jende gehienak Frantzian. Euskal Herrian, aldiz, oldar bat sentitzen da. Inposatu nahi dieten errealitatearen aurka altxatzen den jende anitz dago Euskal Herrian, eta ez dago oldar hori gelditzeko indarrik.

Espainiak eta Frantziak ez badute gatazka konpontzeko borondaterik, Europatik eragin daiteke?

Europak eragin dezake eta eragin behar du, baina orain artean ez du deus egin, gurpilean makilak jartzea ez bada. Adibide nabarmena da euroagindua. Europak ezin du horrela segitu, Euskal Herrian gertatzen diren gehiegikerien aitzinean begiak itxiz. Presoen hurbilketa eska dezake Europak, Espainiak berak onartu duen legeak horrela eskatzen duelako. Preso politikoei tratu duina ematea eska dezake, 'terrorismoaren aurkako' borrokaren aitzakian egiten diren eskubide urraketak isildu gabe. Jende anitzek ez ditu ulertzen, ez ditu onartzen justiziaren erabakiak. Horrenbeste herritar altxatzen direlarik salatzeko justiziaren jokabidea, arazo bat dago, konpondu behar dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.