Ingurumena

Europak hiriburuak ohartarazi ditu, gehiegizko kutsaduragatik

OMEk arriskutsutzat jotzen dituen gai kutsagarriak arnasten dituzte herritarren %90ek Europan.

inaki petxarroman
2013ko urriaren 15a
20:12
Entzun

Kutsadura da Europako heriotza goiztiarren eragile nagusia. 2010ean, esate baterako, 400.000 heriotza baino gehiago eragin zituen, zirkulazio istripuek baino hamar aldiz gehiago.

Egoera horretaz ohartarazi du, berriro ere, Europako Batasunak. Europako Ingurumenaren Agentziak (EIA) 2013ko Europako airearen kalitateari buruz egindako txostenaren arabera, Euskal Herria ez da salbuespen bat.

Esate baterako, PM10 partikulek eragindako kutsadura bereziki larria da Bilbon eta Baionan, txostenaren arabera. Bizkaiko hiriburuaren kasuan, Europak gomendatutako kutsadura gainditu zuen 2011. urteko 58 egunetan.

Hans Bruyninckx EIAko zuzendari eragileak eta Janez Potocnik Europako Batzordeko Ingurumen komisarioak adierazi dutenez, Euroako Batasuneko hamar herritarretatik bederatzi gehiegizko kutsaduraren eraginpean bizi dira.

Eta zortzi estatuk ez dituzte betetzen Europaren gomendioak airearen kalitatearen eta kutsaduraren inguruan: Frantziak, Espainiak, Alemaniak, Austriak, Belgikak, Finlandiak, Irlandak eta Luxenburgok.

Industria eta nekazaritzaz gain, garraioa da airearen kutsaduran gehien eragiten duen faktoreetako bat, eta, hain zuzen ere, garraio politikak eta herritarren mugitzeko ohiturek eragiten dituzten ondorioez gogoeta egiteko eskatu dute Bruyninckx-ek eta Potocnikek.

Bruyninckxen esanetan, gehiegizko kutsadurak kalte larriak eragiten ditu ekosistemetan eta pertsonen osasunean: “Iraunkorra izateko, Europak anbizio handiagoz jokatu behar du, eta arau zorrotzagoak behar ditu kutsadurari aurre egiteko”.

Janez Potocnikek azaldu duenez, kutsadura da herritar askoren eguneroko bizitzaren buru-hausteetako bat, eta Bruselak kezka horri erantzun egin nahi diola ohartarazi du. Herrialdeen isurketa mugei buruzko zuzentaraua berritu egingo dutela aurreratu du.

Izan ere, lehen mailako osasun arazoa da kutsadura. PM10, SO2, NO2 eta ozono partikulen gehiegizko arnasketak asma eta arnasketa arazo larriak eragin ditzake, eta biriketako minbizia nahiz bihotzeko gaitz larriak.

Pertsonen osasunean eragindako kalteak ez ezik, ingurumenean sortzen direnak ere nabarmendu dituzte Europako agintariek, besteak beste, eutrofizazioa. Eutrofizazioa gehiegizko nitrogenoak eraiten du, eta ekosistemen hondatzea dakar, bioaniztasuna nabarmen kaltetuz.

2002tik dezente gutxitu da amoniakoa eta nitrogeno oxidoa bezalako gaien isurketa, baina, hala ere, ez da iritsi helburuetara, eta zortzi estatuk jarraitzen dute legea urratzen; horien artean dira Espainiakoa eta Frantziakoa.

Euskal Herrian dozenaka enpresek isurtzen dituzte gai kutsagarriak Europako Batasunak gomendatutako kopuruetatik gora, E-PRTR enpresa kutsatzaileen erregistroaren arabera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.