Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen ari da Auzitegi Nazionala

Estrasburgok bidegabetzat jo zuen Espainiako Justiziak Ines del Riori zigorra luzatu izana. Presoa libre utzi edo ez Espainiako Gobernuak erabakiko du; urriaren 4an Europan helegitea aurkeztu zuen. Auzitegi Nazionalak aurrerantzean zer jarrera izan behar duen erabakiko du.

2012ko urriaren 10a
17:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekin dio berriro Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako kontrako epaia aztertzeari, aurrerantzean zer jarrera izan behar duen erabakitzeko. Irailaren 20an hasi zen gaia aztertzen, baina gaur arte atzeratzea erabaki zuen. 16:30ean hasi du saioa.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek. Aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez duela Espainia behartzen.

Del Rio libre utzi edo ez Espainiako Gobernuak erabakiko du. Urriaren 4an Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari helegitea jarri zion PPren exekutiboak.

Preso hark 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak presoaren defentsak aurkeztutako helegitea aztertu zuen, eta uztailean jakinarazi zuen epaia. Parot doktrinaren aurka aztertu zuen aurreneko helegitea izan zen.

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.