Bibisekzioaren aurka aurkeztutako herri ekinbide legegilearen helburuak ontzat jo ditu Europako Batzordeak. Onartu du animaliekin egiten diren saioak bazter utzi beharko liratekeela, eta bertzelako metodoak bultzatu. Nabarmendu du, ordea, orandik ez dela hori egiteko ordua ailegatu. "Erabateko debekuak arriskuan jarriko luke Europako biomedikuntzaren esparruko ikerketa". Batzordeak uste du herritarrek "trantsizio une" batean aurkeztu dutela haien ekinbide legegilea: "Gero eta saio gutxiago egiten dira, eta gero eta gehiago bilatzen da bertzelako metodoak garatzea, baina oraindik ere beharrezkoak dira animaliekin egiten diren saioak".
Bibisekzioaren aurkako herritarren asmoa zen egun indarrean dagoen 2010. urteko zuzentaraua bertan behera uztea, eta haren ordez, biomedikuntzaren eta toxikologiaren esparruan animalien erabilera oro debekatuko lukeen araua onartzea. Batzordeak erantzun du denbora behar dela egungo zuzentaraua egokia den edo ez zehazteko, eta denbora hori pasata, berrikusi eginen dutela. Animaliak erabiltzen ez dituzten saioen aldeko neurriak iragarri ditu, halaber.