Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan eman ditu azalpen horiek guztiak jeltzaleen lehendakariak.
Europako hauteskundeetara Galeusca koalizioaren barruan aurkeztu da EAJ, Kataluniako CiUrekin eta Galiziako BNGrekin. Ildo horretatik, Imazek oroitarazi du proiektu hori 1999an abiatu zela, Bartzelonako adierazpenarekin, eta azpimarratu du Galeuscaren egitekoa ez dela hauteskundeekin amaitzekin; aitzitik, hasi baino ez dela egin esan du. "Galeusca ez zen igandean bukatu. Apostu estrategikoa da, eta helburua, Estatu mailan onartzea bai politikoki, bai juridikoki, Euskadi, Katalunia eta Galizia nazioak direla", adierazi du.
Nolanahi ere, EAE Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeetarako EA nahi dutela bidelagun esan du Imazek, eta boz horiek "dagokien unean", hau da, datorren udaberrian egingo direla. Halaber, Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena ('Ibarretxeren Plana' esaten zaiona) udazkenean bozkatuko dela ziurtatu du.
Sozialistei aldatzeko eskaera
Ezker abertzaleari dagokionez, HZ Herritarren Zerrendaren emaitzek argi eta garbi utzi dute Imazen iduriko sektore hori "errealitate" bat dela euskal gizartean, eta, ondorioz, ezin dela ilegalizazioaren bidez bat-batean desagerrarazi. Dena den, erantsi du ETA desagertu arte ez dutela ezker abertzalearekin elkarlanean jardungo.
Alderdi guztiekin komunikazio bideak irekita dituztela agertu du Imazek; zehazki, PSOErekin izan ditzaketen harremanei dagokienez, jeltzaleen presidenteak benetako aldaketa egiteko eskatu die sozialistei: "musikatik" eta "tonutik" haratago, edukietan ere alda dezala bere jarrera.
Politika
Europako hauteskundeetako emaitzek Jaurlaritzako Hirukoa indartu dutela iritzi dio Josu Jon Imazek
Josu Jon Imaz EAJko lehendakaria gustura agertu da bere alderdiak igandeko bozetan lortutako emaitzekin. Hain zuzen ere, Europako hauteskundeetatik "indartuen" atera den alderdia EAJ dela esan du Imazek, eta, horrez gain, Jaurlaritzako Hirukoa —EAJren, EAren eta EB-IUren arteko koalizioa— sendotu egin dutela igandeko emaitzek. Galeusca koalizioari dagokionez, etorkizunerako "apostu estrategikoa" dela nabarmendu du, eta haren helburua Espainiak Euskal Herria, Katalunia eta Galizia nazio gisa onartzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu