Politika

Europako hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu EH Bilduk

Europako Parlamentuan egotearen garrantzia azpimarratu du Josu Juaristi zerrendaburuak.

EH Bilduren agerraldia, gaur, Donostiako Miramar Jauregian. G. RUBIO, ARP
2014ko apirilaren 26a
10:10
Entzun

EH Bildu koalizioak Europako hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du gaur Donostiako Miramar Jauregian. Josu Juaristi da zerrendaburua, eta hark hartu du hitza. "EH Bilduren proiektuak konpromisoan dauka bere oinarria, Euskal Herrian milaka emakumek eta gizonek, egunez egun eta esparru ezberdinetan gauzatzen duten konpromiso sozial eta politikoan". Hautagaiak azaldu duenez, koalizioaren asmoa "herrien eta herritarren eskubideen aldeko apostua" egitea da. Eta horretarako, bi oinarri defendatuko dituztela azaldu du: erabakitzeko eskubidea eta eraldaketa soziala.

Eskoziaren eta Kataluniaren adibideak jarri ditu adibide gisa. Juaristiren arabera, martxan jarri dute "etorkizuna irabazteko bidea", erabakitzeko eskubidearena. "Inori baimenik eskatu gabe, beraiek erabakiko dute zer izan nahi duten". Euskal Herriaren kasuan, adierazi du bertakoei dagokiela erabakitzea zein izango den euren etorkizuna. Juaristik bere koalizioaren helburua azaldu du: "Justizia sozialean eta askatasunean oinarritutako euskal estatua eraiki nahi dugu". Estatu hori lortzeko bidea Europan egin behar dela dio Juaristik, eta horregatik dela garrantzitsua Europako Parlamentuan egotea.

EH Bilduk bestelako Europa bat amesten duela ere adierazi du Juaristik: "Berria, ezberdina, herrien eta herritarren Europa, pertsonena... eta pertsonen zerbitzura". Aitzitik, ez du uste halakoa denik egun Europako Batasuna: "Azken urteotan, beraiek sortu duten krisiaren aitzakiarekin, Troikarekin edo Troikarik gabe, zerbitzu sozialak desmantelatu dituzte, eskubide sozialak deuseztu. Erasoa orokorra da, ondorioak ezagunak dira, eta beldurrarekin neutralizatu nahi dituzte murrizketen eta inposaketen aurkako erantzunak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.