'PAROT doktrina'

Europako Kontseiluak ontzat jo du Espainiak Del Riori kalte-ordainik ez pagatzea

Kontseiluak txalotu egin du Espainiak presoa Estrasburgoren epaia ezagutarazi eta "berehala" askatu izana.

2013ko abenduaren 5a
18:08
Entzun

Europako Kontseilua gaur batzartu da, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren kasuan emandako ebazpena Espainia nola betetzen ari den aztertzea zuen mahai gainean. Kontseiluak uste du ebazpena eman eta "berehala" askatu zutela Del Rio, eta hori txalotu du.

Halaber, Estrasburgok ebatzi zuen kalte-ordaina —30.000 euro— pagatu behar ziola Espainiak preso ohiari, epaiketaren gastuez gain —1.500 euro—. Espainiak, ordea, uko egin zion diru hori Del Riori ordaintzeari, argudiatuta estatuak pagatu ziela Del Rioren biktimei hark ordaindu beharreko kalte-ordaina, eta estatuarekiko duen zorra kitatze aldera ez zizkiotela 30.000 euroak emango. Erabaki hori ere ontzat eman du Europako Kontseiluak.

Espainiak konpromisoa agertu du dokumentu gehiago helarazteko, eta hiru hilabete  barru elkartuko da berriro Europako Kontseilua ebazpenaren aplikazioa aztertzeko. Orduan ere Espainiaren neurriei oniritzia emanez gero, behin betiko itxi dezake auzia kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.