EUROPAKO PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK. Europara bidean

Europara begira jarri dira alderdi politikoak. Hil honen amaierarako erabaki beharko dituzte beren zerrendak, ekainaren 7an egingo diren bozetan parte hartu nahi badute.

jokin sagarzazu
Donostia
2009ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bi hilabete eskas falta dira Europako hauteskundeetarako. Herritarren artean ez dute interes berezirik pizten, baina alderdiek beren indarra neurtzeko erabiltzen dituzte bozak.

1. Noiz izango dira hauteskundeak?

Ekainaren 7an, Euskal Herri osoan. Ekainaren 4tik 7ra bitartean egingo dira, Europako Batasuneko estatu guztietan, estatu bakoitzaren hauteskunde legediak eta ohiturak errespetatuz.

Hala, EBko estatu gehienetan ekainaren 7an egingo dituzte hauteskundeak, baina Erresuma Batuan eta Holandan ekainaren 4an izango dira; Letonian, Maltan, Eslovakian eta Zipren, ekainaren 5ean, eta Irlandan, ekainaren 6an. Italiako biztanleek bi egun izango dituzte botoa emateko (ekainaren 6a eta 7a), Txekian bezala (ekainaren 5a eta 6a). Bulgarian eta Hungarian ez dute oraindik zehaztu noiz egingo dituzten bozak.

Hauteskundeen azken eguna ekainaren 7a izango da, eta egun hori iritsi bitartean ezingo dira botoak zenbatu. Emaitza ofizialak sei egun geroago jakinaraziko dituzte. Ekainaren amaiera aldera hautatuen behin-behineko zerrendak jakinaraziko dituzte.

Hauteskunde kanpainak bi asteko iraupena izango du eta maiatzaren 22an hasiko da Euskal Herri osoan.

2. Zenbatean behin egiten dira Parlamenturako bozak?

1979az geroztik, 5 urtetik behin aukeratzen dira Europako Legebiltzarreko parlamentariak. Halaber, legealdiko, bi presidente aukeratzen dira, parlamentarien gehiengo osoz (normalean, bi alderdi nagusiek partekatzen dute presidentetza). Legealdi barruan ezin da Parlamentua desegin.

3. Nork eman dezake botoa?

Orotara, 375 milioi herritar inguru daude deituta botoa ematera. Belgika, Zipre, Grezia eta Luxenburgon derrigorrezkoa da botoa ematea; gainontzeko 23 estatuetan, ez.

Euskal Herrian botoa eman nahi bada, ez da beharrezkoa Espainiako edo Frantziako naziotasuna izatea, hauteslea Europako Batasuneko herritarra bada. Horrekin batera, hautesleak bozkatzeko eskubidea aitortua (eskubide zibilen jabe) izan behar du jatorrizko estatuan, Euskal Herriko edozein herritan egon behar du erroldatua eta Espainiako edo Frantziako hautesle erroldan eman behar du izena (hauteskunde batzuetan lehen aldiz parte hartzen badu).

Europako Batasunetik kanpo bizi diren Europako Batasuneko herritarrek ere parte har dezakete hauteskundeetan -posta bidez-, baina, horretarako, beren jatorrizko estatuko enbaxada edo kontsulatuarekin jarri behar dute harremanetan (estatu guztiek ez dute aukera hori ematen).

Botoa emateko gutxieneko adina 18 urtekoa da Euskal Herrian (Austrian, adibidez, 16 urterekin eman daiteke botoa).

4. Non eman behar da botoa?

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautesleek aurretik zehaztu behar dute zein bozkalekutan eman nahi duten botoa, lehen aldia bada edo bozkalekua aldatu nahi badute.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hautesleen kasuan, aldiz, automatikoki egiten da hori, erroldatua dauden herrian eta dagokien bozkalekuan eman dezakete botoa.

5. Zenbat hauteskunde barruti daude?

Espainian hauteskunde barruti bakarra dago: alderdi edo koalizioek zerrenda bakarra aurkezten dute barruti osoan eta Espainiari dagozkion parlamentari guztiak zerrenda horietatik ateratzen dira, D' Hont Legea erabilita.

Frantzian, aldiz, zortzi hauteskunde barruti daude eta parlamentari kopuru osoa hauteskunde barrutietan banatzen dira. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautesleek hego-mendebaldeko barrutiari dagozkion parlamentariak aukeratzen dituzte. Barruti horrek Akitania, Midi-Pyrenees eta Languedoc-Rousillon eskualde administratiboak hartzen ditu. Parlamentaria lortzeko lehian sartzeko, edozein zerrendak barrutiko botoen %5 baino gehiago behar ditu. Belgikan, Italian, Irlandan, Erresuma Batuan eta Polonianhauteskunde barruti bat baino gehiago daude; gainontzeko estatuetan, bakarra.

6. Zenbat parlamentari aukeratuko dira aurten?

754, baina Lisboako Ituna onartu bitartean, Europako Parlamentuak 736 parlamentari izango ditu (egun 785 daude), hala erabaki baitzen Nizako Itunean. Jardunean 736 parlamentari arituko badira ere, 754 aukeratuko dira hauteskundeetan. Lisboako Itunaren arabera, 751 parlamentari izan beharko lituzke Legebiltzarrak. Beraz, datorren legealdian (2009-2014) Lisboako Ituna onartzen bada, 751 horiek eta itun hori dela-eta Alemaniak galduko lituzkeen hiru diputatuak (754) arituko lirateke (Lisboako Ituna dela-eta parlamentariak galduko lituzkeen estatu bakarra da Alemania). Legealdia amaituta, eta Lisboako Ituna indarrean dela, 751era bueltatuko litzateke Parlamentua.

7. Eta Euskal Herrian?

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako hautesleek, Espainiako herritarrekin batera, Espainiako barruti bakarrean aukeratzen diren 50 parlamentariak (54 Lisboako Ituna indarrean jartzen bada) aukeratuko dituzte. Ipar Euskal Herriko hautesleek, Frantziako hego-mendebaldeko barrutiko 10 parlamentariak (Frantzian 72 parlamentari aukeratzen dira: Lisboako Ituna indarrean sartuz gero, 74 izango lituzke).

8. Nor aurkez daiteke?

Espainiako barrutian aurkezteko ez da beharrezkoa alderdi politikoen erregistroan izena ematea. Alderdi politiko, koalizio, federazio edo hauteskunde zerrenda batek aurkeztu nahi badu, 15.000 hautesleren edo 50 hautetsiren (diputatu, senatari, legebiltzarkide, zinegotzi...) sinadurak behar dira. Frantziako hego-mendebaldeko barrutian aurkezteko ez da baldintza berezirik ezartzen.

Europako Batasuneko hauteskunde legediaren arabera, zerrendetan ezin dira aurkeztu Europako batasuneko estatu bateko gobernuko kideak, bertako parlamentuetako kideak edo Europako instituzioetako funtzionarioak.

Europako herritarra bada, edozein hauteskunde barrutitan aurkez daiteke hautagaia, baina estatu horretako herriren batean eta bertako hauteskunde erroldan erregistratua egon behar du.

Zerrendak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da Espainiako barrutian. Baina koalizioa osatu nahi bada, apirilaren 16tik 24ra jakinarazi behar da.

9. Nolakoak dira zerrendak?

Euskal Herrian aurkeztuko diren zerrenda guztiak itxiak dira. Hau da, alderdi politikoek beren zerrendetako hautagaien ordena erabakitzen dute eta hautesleek zerrenda osoari ematen diote botoa. Estatu batzuetan (Italia, Irlanda, Suedia...) zerrenda irekiak aurkezten dira. Zerrenda bateko hautagai bat edo bestea, bakarra edo gehiago aukera ditzake hautesleak.

10. Zer da Europako Parlamentua?

Europako Batasunaren biltzar parlamentarioa da. Bozkatze unibertsalez aukeratzen den mugaz gaindiko munduko legebiltzar barra eta Europako erakunde bakarra da. Egoitza nagusia Estrasburgon dago (Frantzia), eta han egiten dira osoko bilkurak. Bruselan, berriz, beste egoitza bat dauka, batzordeen, alderdi politikoen eta ohiz kanpoko bilkurak egiteko. Europako Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusia Luxenburgon dago.

Parlamentuak Europako Batasuneko botere legegilea osatzen du, Europako Batasuneko Kontseiluarekin batera (Lehen Ministroen Kontseilua). Kontseiluko kideak ez dira sufragio unibertsalez aukeratzen: EBko 27 estatuetako gobernuetako ministroek parte hartzen dute bileretan, beren estatuen interesak defenditzeko.

11. Zein da haren betebeharra?

Europako Batasuneko lehenengo instituzioa den arren, Kontseiluak botere handiagoa dauka Europako Parlamentuak baino. Parlamentuak ez dauka lege ekimenik. Zenbait gairen inguruko erabakiak partekatzen ditu Kontseiluarekin batera (ingurumena, garraioa, legez kanpoko immigrazioa, kontsumitzaileen eskubideak eta barne zerbitzu, kapital eta ondasun politikak, esaterako). Gai horiei buruz Kontseiluak aurkeztutako arauak onartu, moldatu edo bertan behera uzteko ahalmena dauka Parlamentuak. Hala bada, lege edo araudia Kontseilura bueltatu, moldatu eta Legebiltzarrera itzultzen dira. Bigarren irakurketan onar daitezke lege eta araudiak.

Beste gai batzuetan (zerga, industria, nekazaritza, kanpo politiketan eta polizien arteko lankidetza politiketan, adibidez -estatuen eskumenekoak direnak-), kontsultatua edo informatua izateko eskubidea dauka eta, gehienez, lege ekimen zehatz bat aztertzeko gomendioa egin diezaioke Kontseiluari. Aldiz, Batasuneko aurrekontuaren gaineko kontrol osoa dauka, eta Batzordeko komisarioen aukeraketa bertan behera utz dezake.

Europako Batasuna osatzen duten estatuen zerrenda zabaltzeko orduan, Parlamentuak ezin du Kontseiluak adostutako testua moldatu, baina haren oniritzia beharrezkoa da.

12. Zenbat legebiltzar talde daude?

Gaur egun zazpi legebiltzar talde daude Europako Parlamentuan. Ez dira parlamentarien jatorriaren arabera antolatzen.Talde bat osatzeko gutxienez sei herrialdetako hogei parlamentari behar dira.



Inoizko abstentziorik handiena espero da Europako Parlamenturako bozetan

Ez da berria. Ez dute biztanleen arreta erakartzen. Europako Parlamenturako hauteskundeetan abstentzioa handi-handia izan ohi da. %50 baino handiagoa izan da azken bi bozetan. 2004ko hauteskundeetan Hego Euskal Herrian %54koa izan zen abstentzioa, eta Ipar euskal Herrian, %60 ingurukoa. Ekaineko bozei begira, azken urteotako joera bere horretan mantenduko dela dirudi. Eurobarometroak aste honetan bertan emandako datuen arabera, hautesleen erdiek ez dute «inolako interesik» ekainean egingo diren bozen inguruan. %19 «ziur» dira ez dutela botorik emango eta %53k ez dute erabaki botoa emango duen edo ez. Botoa ematen ez dutenen artean, %64k Europako Parlamentuaren funtzionamendua ezagutzen ez dutelako egiten du hori.



Euskara hizkuntza ofiziala da Europako Batasunean?

23 hizkuntza ofizial daude Europako Batasunean. Euskara ez dago horien artean: Espainiako «hizkuntza koofiziala» da euskara, katalana eta galiziera bezala. Hizkuntza horietan guztietan egiten dira Europako Parlamentuko osoko bilkurak; araudiak eta legeak ere hizkuntza horietan itzultzen dira. 2006an onartua zuen Europako Parlamentuak herritarrek beren eskaerak idatziz euskaraz egin ahal izateko eta erantzunak ere euskaraz jaso ahal izateko eskubidea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren kasuan Eusko Jaurlaritzak egiten ditu herritarren eta Europako Batasuneko erakundeen arteko bitartekaritzak. Berak egiten ditu beharrezko itzulpenak.



%30

Emakumeak Legebiltzarrean. Legebiltzarrean gizon eta emakumeen artekoparekotasuna urria da. %30 baino ez dira emakumeak. Hamalau presidenteorde daude eta horietatik bost dira emakumeak. Parlamentuaren 30 urteko historian bi emakume izan dira presidente.



7.665

Parlamentarien soldata. Hauteskundeen ostean, diputatuen estatutua indarrean sartuko da. Legebiltzarkide guztiek hileko soldata berdina jasoko dute: 7.665 euro (dietak sartu gabe), eta EBko aurrekontuekin finantzatuko da. Orain arte estatuak arduratzen ziren horretaz.



Sozialistek irabazi zuten 2004an Euskal Herri osoan

Hego Euskal Herrian PSOEk 265.572 boto lortu zituen, Galeuscak (EAJ) 250.615, PPk 235.394, Herrien Europak (EA) 64.169, IUk 37.666 eta Aralarrek 17.570. HZk 108.000 boto (baliogabe) jaso zituen. Ipar Euskal Herrian, berriz, PSFk 21.429, UMPk 19.516, UDFk 13.461, Berdeek 7.436 eta HZk 5.247 (baliodunak).



Lisboako Ituna desblokeatu nahi dute legealdi berrian

Lisboako Itunari beste bultzada bat eman diote legealdi berrian. Hori izan da Europako Batasuneko erakundeen erronka nagusietako bat, Europako Konstituzioak porrot egin ostean. Aurten, urtarrilean, zen abian jartzekoa Lisboako Ituna, baina Irlandaren eta Poloniaren ezezkoek geldiarazi dute ekimena. Lisboako Itunarekin Europako Batasuneko erakundeak erreformatu nahi dituzte. Parlamentuaren kasuan, eskumen gehiago eman nahi dizkiote erakunde horri. Europako Batzordearen kasuan, ordezkari independenteen kopurua murriztu nahi dute, EBren helburu komunen alde lan egiteko. Hainbat herrialdek kezka agertu dute batzordean euren ordezkaririk ez dutelako izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.