Europan ez dago irizpide bateraturik

Norvegian orduko 90 kilometroko abiadura muga dute; Alemaniako errepide zati batzuetan ez da mugarik.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko autobideetan orduko 130 kilometroko abiadura muga dago, baina, euria eginez gero, 110era jaisten dute. Hego Euskal Herrian orduko 120 kilometroko abiadura muga dago, eta euria egiten duenean, orduko 110eko abiadura aholkatzen da, baina ez da agintzen. «Europa osoan abiadura muga berbeak izan beharko lirateke, irizpide berberekin», dio Luis Murgia RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko aholkulariak.

Europan ez dago abiadurari buruzko irizpide finkorik; izan ere, Herrialdeen arabera alde nabariak daude. Alemania da abiadura bizkorrena onartzen duena bere autobideetan, zati jakin batzuetan baino ez den arren. Autobide eta autobietan orduko 130 kilometroko abiadura muga dute, baina zenbait errepideetan aholku bat baino ez da. Hau da, zati jakin horietan gidariak nahi duen abiadura har dezake bere autoarekin; dena den, bertako auto egileek autoetan orduko 250 kilometroko muga elektronikoki ezartzeko konpromisoa berretsi dute.

Italiak ere nahiko muga malgua dauka, Alemaniako kasuan errepide sareko zati jakin batzuetan baino ez dena. 2009tik, 2.000 kilometrotan, autobia sareko heren batean, orduko 150 kilometroko abiadura muga ezarri zuen Italiak. Gainontzeko 4.000 kilometroetan, orduko 130 kilometroko abiadura muga dago.

130eko muga hori bera dute Austria, Eslovenia, Frantzia, Kroazia, Hungaria, Luxenburgo, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Herbehereak eta Errumaniak. Dena den, herrialde horietako batzuetan, abiadura muga hori aldakorra da baldintzen arabera.

Andorra, Belgika, Bulgaria, Espainia, Finlandia, Grezia, Irlanda, Montenegro, Portugal, Serbia, Suitza eta Turkian orduko 120 kilometroko abiadura muga dute. Kasu batzuetan, Finlandian adibidez, malgua da abiadura muga; neguan, orduko 100 kilometrora jaisten dute. Suedian orduko 110 kilometroko muga dute; baina Europako herrialde guztien artean Norvegia da muga baxuena duena autobideetan: orduko 90 kilometrokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.