Gauza asko sartzen dira autoan: kateak, burusiak, aterkiak, bateria agortuz gero motorra pizteko pintzak... Une jakin batean lagungarria izan daitekeen edozein tresna sartzen da. Baina badaude ibilgailuetan derrigorrez egon behar duten zenbait objektu. Horiek zehaztea zaila da, ordea, derrigorrez eraman beharreko segurtasun materiala aldatu egiten baita herrialdeen arteko mugak zeharkatzean.
Frantziako Gobernuak bihartik aurrera betetzeko indarrean jarritako etilometroari buruzko agindua kenduta, herrialde gehienetako araudien barruan, lau segurtasun elementu dira ohikoenak: txaleko islatzailea, larrialdietarako hirukia, botika kutxa eta su itzalgailua. Lau elementu horiek autoan izanez gero, Europako herrialde gehienetan aise gidatzeko aukera dago. Horiek izan ezean, herrialde bakoitzaren araudia aztertu beharra dago.
Lau elementu horiek derrigorrezkoak diren lau herrialde daude Europan: Belgika, Bulgaria, Estonia eta Lituania. Austrian, Eslovakian, Eslovenian, Hungarian eta Txekian su itzalgailua izan ezik, beste hirurak izan behar dira autoan derrigorrez. Alemanian, Grezian, Letonian eta Errumanian, txalekoa ez beste elementu guztiak eraman behar dira. Ordea, larrialdietarako hirukia eramatearekin nahikoa da Txipre, Danimarka, Finlandia, Herbehere, Islandia, Suedia eta Suitzako legeak betetzeko. Espainiako eta Frantziako arauen arabera, txalekoa eta hirukiak baino ez dira behar; bi hiruki, Espainiako kasuan. Irlandan eta Maltan ez dago derrigorrez eraman beharreko ezer.
Auto istripuak urritzeko eta segurtasuna hobetzeko egunez ere argiak piztuta eramateko neurria ezarri ohi dute, herrialde askotan, zirkulazioa kudeatzen duten agintariek. Ordea, aurreko kasuan bezala, herrialdearen araberakoa da. Bulgarian, Danimarkan, Eslovakian, Eslovenian, Estonian, Finlandian, Herbeheretan, Hungarian, Islandian, Italian, Letonian, Lituanian, Norvegian, Polonian, Txekian eta Errumanian argiak piztuta eduki behar dira egunez ere. Alemanian eta Suitzan, aholkatu egiten dute.
Herrialdeek horri buruz erabaki dezaketen arren, Europako Batasunak argia egunez ere piztua izatearen aldeko jarrera du. Hori dela eta, ibilgailua martxan jartzean automatikoki pizten diren argiak ezartzeko agindua eman zuen. 2011. urtetik aurrera egiten diren auto guztientzat eta zenbait furgonetarentzat agindu dute.
Araudiak aldatuz doaz, ordea. Espainian, duela zazpi urtera arte, betaurrekoak zituztenek ordezko betaurrekoak eraman behar zituzten autoan. Horrez gain, duela gutxira arte, autoaren bonbillak aldatzeko ordezkoak ere eraman behar ziren. Arau hori aldatu zuten ohiko bonbillak ez dituzten autoak agertu zirenean, horiek apurtuz gero tailerrera eraman behar direlako.
Europan gidatzean, ez ahaztu...
Europako herrialde guztiek arau zorrotzak dituzte autoan eraman beharreko segurtasun materialei buruz, baina neurriak ezberdinak dira herrialde batetik bestera; eskakizun ohikoenak txaleko islatzailea, larrialdietarako hirukia, botika kutxa eta su itzalgailuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu