Aberri Egunaren harira eginiko adierazpena argitaratu du EAJk. Bertan, Euskal Herriaren "aitortza" aldarrikatu du, "inguruko nazio guztiek dituzten baldintza berdinetan, bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea" eskatzearekin batera.
EAJren arabera, Euskal Herria "bi errealitate ezberdinetan" dago gaur egun, "bere berezitasuna aitortzeari uko egiten dioten Estatu bitan banatuta". Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Euskal Autonomia Erkidegoa. "Hiru erabaki esparruk osatzen duen Euskal Herria, zorrozki errespetatu beharko direnak, zilegitasun demokratikoa izango badu", azaldu du EAJk.
"Egitasmo politiko komun bat sostengatzen duen elementua" herritarren borondatea dela nabarmendu du, "nortasun seinaleen gainetik, kulturaren eta hizkuntzaren gainetik".