Datorren astean Europara joango dela iragarri du Herrira mugimenduak. Asteazkenetik ostirala bitarte, hango ordezkari politiko eta instituzionalekin biltzeko asmoa dute, espetxe politikaren berri zuzena emateko. Horrez gain, giza eskubideen inguruan lanean ari diren taldeekin ere bilduko dira. Izan ere, Herrira-ko kideek adierazi dute Espainiak aplikatzen duen espetxe politikak ez duela Europan lekurik. Elkarretaratzea egingo dute datorren ostiralean Estrasburgon, Europako parlamentu aurrean. Larunbatean, berriz, Euskal Herrira itzulita, 197/2006 doktrina ezarria duten eta gaixo larri diren presoen hiri eta herrietan izango dira mobilizazioak, preso horien egoera salatzeko.
Herrira-ko Garbiñe Erasok adierazi du «salbuespen egoera muturrera» eraman duela Espainiako Gobernuak, eta «era asaldagarrian» ari dela urratzen presoen oinarrizko giza eskubideak. «Aspaldidanik justizia eta mendekua bateraezintzat jotzen dira munduan», esan du Erasok, eta salatu du mendekuarena dela Espainia erabiltzen ari den irizpidea. Josu Uribetxebarriaren kasua jarri du adibide moduan, eta gogoratu du oraindik ere preso jarraitzen duela, baldintzapeko askatasun eskaera onartu zioten arren: «Ez dakigu etxera bizirik iritsiko den».
Donostiako Ospitalean dago Uribetxebarria abuztuaren 1etik, azken fasean sartua duen minbiziarekin. Baldintzapeko askatasuna onartu zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak abuztuaren 30ean, baina ez zuen aske utzi, ebazpena irmoa ez zela argudiatuta. Fiskaltzak helegitea jartzeko aukera zuen, eta halaxe egin zuen joan den asteazkenean, Uribetxebarria denbora gehiagorako preso edukiz. Presoaren abokatuek salatu zuten legez kanpokoa dela Castro epaileak eginikoa. Hain zuzen, hamaika gizarte eragile, alderdi eta erakundetakokargudun eta gizabanakoek behin eta berriz eskatu diote Espainiako Gobernuari legea betetzeko.
Uribetxebarriaren egoera Espainiako Gobernuak ezartzen duen espetxe politikaren ondorio dela ere hamaika aldiz esan du Herrira mugimenduak. 197/2006 doktrinaren bidez «ezartzen den bizi osorako zigorra» —70 presotik gora daude egoera horretan—, gaixotasun larriak dituzten hamalau presoak ez askatzea eta presoen sakabanaketa dira espetxe politika horren ezaugarrietako batzuk. Ines del Rioren kasua dela eta, 197/2006 doktrinaren aurka ere egin zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak; baina oraindik ere ebazpena irmoa ez del eta, Espainiak ez dio jaramonik egin.
Hala, neurri horiek indargabetzea «presazko kontua» dela adierazi du Garbiñe Erasok. Bestela, «beste hamaika Josu» izango direla ohartarazi du: «Aurrera doan minutu bakoitzak zorigaitzeko ezbeharren aukera handitzen du. Espetxe politikaren orratzek sufrimendua, samina eta giza eskubideen urraketa besterik ez dute markatzen». Egoera horiek bukatzeko eta presoak Euskal Herriratzeko aldarria eraman zuen Pilotariak kolektiboak ere Estrasburgoko Auzitegira, joan den asteazkenean. Aste honetan, eskaera bera eramango dute Europako parlamentura Herrira-ko kideek. Euskal Herrian, berriz, mobilizazioekin jarraituko dute: gaur bertan, Azken ziaboga egingo dute Donostian, 13:30ean Bulebarrean. Datorren larunbatean, gaixotasun larriak dituzten eta «bizi osorako zigorra» ezarria duten presoen herrietan izango dira mobilizazioak.
ETAren biktimen presioa
Bitartean, ETAren biktimen hainbat elkarte Espainiako Gobernuaren aurkako adierazpen eta mobilizazioak egiten ari dira, Uribetxebarriaren kasua dela eta. Madrilen manifestazioa egin du Voces Contra el Terrorismo elkarteak, Inpunitatearen aurka, Justizia lelopean. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren dimisioa eskatu dute, eta «ETAren aurka, bizi guztiko zigorra» gisako oihuak egin dituzte. Bestalde, Zaballako espetxera (Araba) martxa egin zuen atzo AVT elkarteak, eta espetxe politikaren inguruko erabakietan «hitza eta bozka» izatea eskatu zuen Angeles Pedraza presidenteak: «Biktimek ezin dute beren esku hartu justizia, baina ETAkoek gose grebak egiteko lizentzia hartzen dute».
Euskal presoak
Europara joango da Herrira, espetxeetako «salbuespen neurriak» salatzeko asmoz
Europarlamentariekin bilduko dira Herrira-ko kideak, eta ostiralean elkarretaratzea egingo dute Estrasburgon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu