Bilboko Arriaga antzokian banatu zituen igandean Sabino Arana Fundazioak izen bereko sariak. Aurten, 27. edizioan, Eskoziako lehen ministro ohi Alex Salmond, Kaliforniako senatari eta Alderdi Demokratako kide John Garamendi, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea, Leopoldo Zugaza kultur sustatzailea, Maialen Chourraut piragua arraunlaria eta Velatia enpresa saritu ditu. BERRIAk bihar Salmondi eta Garamendiri egindako elkarrizketak argitaratuko ditu.
Sari banaketaren aurretik eginiko prentsaurrekoan hartu zuten hitza sarituek. Salmondek nabarmendu zuenez, "Euskadi ez da Eskozia" baina "antzekotasunak" daude bi herrialdeen artean, eta "autonomia, independentzia edo munduan oihartzun handiagoa izateko nahia" aipatu zituen horien artean. Salmondek kritika egin zien Erresuma Batuari eta "zaharkitutako egitura europarrei", eta uste du euskal, kataluniar eta eskoziar herritarrek "beren patua hobeto kontrolatzeko nahia" dutela.
Garamendik Ameriketako Estatu Batuetako politikari erreparatu zion. Obama goretsi zuen, nabarmenduz osasungintzan eta "diplomazian" eginiko lana. Aldiz, Donald Trump Alderdi Errepublikarretik presidentegai izateko hautagaia "hondamenditzat" deskribatu du: "Jainkoak babes gaitzala beregandik". Gaur hasiko dira primarioak, Iowan.
Chourrautek "baliagarritzat" jo zuen saria jaso izana, eta senide eta entrenatzaileen aldetik jasotako laguntza eskertu zuen. Zugazak ere saria jasotzeagatik eskerrak eman zituen, eta "lan asko egiteke" dagoela adierazi zuen.
CEAR-Euskadiko presidente Javier Galparsorok azpimarratu zuen 60 milioi errefuxiaturen izenean jaso duela saria: "Mobilizazio soziala gertatu da eta herriak klase politikoa bultzatu du. Irailean, politikariak oso hunkituta zeuden, baina beldur naiz elkartasun hori ez ote den hoztuko". Egun horretan bertan jakin zen Europara gurasorik gabe zetozen 10.000 haur desagertu direla.
Velatiako presidente Javier Ormazabalek azaldu zuen sariak "bultzada" emango diola Velatiari. Txina "merkatu eta aukera izugarritzat" jo zuen, baina gaur egun "mehatxu" bat ere badela erantsi zuen: "Oso zaila da kulturalki ulertzen eta ekonomikoki ez da aurreikusgarria, beraz aukera baino mehatxu gisa ikusteko joera dut".