Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alderdietako ordezkarien galderak erantzun ditu gaur. Nabarmendu du "Euskadi nazio moduan Europan haztea bermatuko duen" proiektua sustatu behar dela, gizartearen gehiengoak garrantzitsutzat jotzen duelako euskal nazioaren errealitatearen aitorpena. Guztien artean memoriarekin bake justu bat lortu behar dela esan du, eta ETAri desegiteko eta biktmak aitortzeko eskatu dio berriro ere.
EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegik eskatu dio Espainiako Estatuko ordezkariekin bildu aurretik legebiltzarrari jakinarazteko. Urkulluk azaldu du urtarrilaren 30ean Rajoyrekin izan zuen bilera ez zela sekretuan egindakoa izan eta bertan krisitik atera ahal izateko, bakea eta elkarbizitza lortzeko, eta egoera politiko berria lortzeko bere lehentasunen berri eman ziola. Gaineratu du erakundeen artean harreman aizatea beharrezkoa dela.
UPDko bozeramaile Gorka Maneirok Europan nazio bezala aritzeko eman beharreko pausoen inguruan galdetu dio. Urkulluk ziurtatu du "autogobernu estatusa berritzeko" une aproposa dela, bertan iritzi guztiak egongo direla. "Euskadi nazio bezala haztea nahi dugu, Europan haztea eta euskal nazioaren errekonozimendua lortzea".
PPko Antonio Basagoitik galdetu dio zein arazo duen Guardia Zibila eta Espainiako Polizia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egotearekin. "Eskuratutakoagatik eskertuta" egon beharko lukeela nabarmendu du. Urkulluk esan dio egoera berria zabalik dagoela, ETAren adierazpen historikoen ostean, eta egoera horretara egokitu beharra dagoela. "Ezin dugu ezer aldatu ez balitz bezala jardun".