Aldaketak iragarri ditu Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak Sukarrietan (Bizkaia), Sabino Aranari urtero egin ohi zaion omenaldian; aldaketak, bi bidetan: batetik, Katalunian, gaur egingo diren hauteskundeen ondoren «biratzea» izango den ustea azaldu du. «Aliantza artifizialen» ondoren, bozak CiUk irabaziko dituela iradoki du, eta horrek aldaketa ekarriko diola «Kataluniako nazioari». «Euskadin ere laster halako biratzea ikusiko dugun esperantza dut», esan du.
Urkulluren hitzetan, «Euskadiren etorkizuna ez da botere nahiak soilik osatutako PSE-EE eta PPren frontearena». Haren ustez, «artifiziala» da fronte hori, «ez du funtzionatzen», herritarrek ez dute babesten, eta «ez da Euskadiren etorkizuna».
Euskal Herria nazioa dela eta haren etorkizuna erabaki beharra duela ohartarazi du: «Ez gara eskualde bat, eta ez du inork erabaki behar gure ordez. Norabide horretatik begiratu eta bideratu dezagun etorkizuna».
«Argi dago Euskadin garai berri baten atarian gaudela», adierazi du espero duen beste aldaketaren harira. «Terrorismorik gabeko garaia gero eta gertuago daukagu». ETAk indarkeria alboratzea «lehen urratsa» dela esan du, eta ondoren etorriko dela «nahi den eztabaida».
«Bake garaia»
«Bake garaia» datorrela ere esan du EAJko buruak. Baina, horretarako, ezker abertzaleari eskatu dio urratsak egiteko. «Bada garaia horrenbeste kritikatzen gaituen ezker abertzaleak eman behar dituen pausoak emateko». Ezker abertzaleari «herria beraien zurrunbiloan sartu nahian» aritzea egotzi dio; «beraien labirintoan herria nahastu nahian» aritzea. Bide hori alboratu eta argia izateko eskatu dio hargatik.
Eta «politikaren bidea» hartzeko. «Erraza da, politika eta soilik politika, beste guztiak bezala inoren eta ezeren menpe egon gabe, herri hau denen artean aurrera ateratzeko». Izan ere, Urkulluren hitzetan, «politika da bide bakarra euskotarren aberria indartzeko, aberasteko eta askatzeko».
Edonola ere, indarkeria alboratutakoan guztien arteko elkarrizketak posible izango direla eta «mundu oso bat» eraikitzeko egongo dela adierazi arren, etorkizunerako «bidea jorratzea» EAJri dagokiola adierazi du, «gu baikara herri honetako aitzindariak, lehen alderdi moduan».
«Euskadiko egoera» aurki irauliko den uste osoa azaldu du Iñigo Urkulluk
Katalunian bozak CiUk irabazten baditu gauzak aldatuko direla iragarri du, eta EAEn ere antzekoa gertatuko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu