EUSKAL ALDERDI POLITIKOEN FINANTZAKETA. Alderdien diru iturrien korapiloa

ESTITXU UGARTE
DONOSTIA
2005eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
onostiako Kursaala eraikitzeko erabili zen aurrekontuaren parekoa jaso dute azken bost urteotan Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta egon diren alderdi politikoek Eusko Jaurlaritzaren kutxatik. 2001etik 2005era 31.475.543,4 euro (5.237 milioi pezeta baino gehiago) jaso zituzten.

Eusko Jaurlaritzak eman dizkien 31,4 milioi euro horietaz gainera, euskal alderdi politiko gehienek Espainiako Gobernuak banatzen dituen bestelako diru laguntzak jaso dituzte. Alegia, urtero Espainiako Gorteeratako hauteskunde kanpaina finantzatzeko banatzen duen diru laguntza, baita Senatuko eta Kongresuko legebiltzarkide taldeen eguneroko jarduna laguntzeko zehazturikoa ere. Halaber, Europako Legebiltzarrean, udaletxeetan eta Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiek diru laguntzak jasotzen dituzte erakunde bakoitzean. Printzipioz, jarduera instituzionalean erabil daitekeen dirua da eta erakunde bakoitzaren aurrean justifikatu behar da.

Dirua emateko moduak

Eusko Jaurlaritzak bi partidatan banatu ditu azken bost urteotan alderdien jarduera laguntzekoeman dituen 31,4 milioi euroak.

Batetik, 2001ean eta aurten Euskal Autonomia Erkidegoan egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainak finantzatzeko zehaztuta dagoen aurrekontuaren bitartez. Hauteskundeetan parte hartu eta ordezkaritza lortzen duten alderdi politikoei dagokie partida hori. EAEko Hauteskundeen Legeak arauturiko diru laguntza da eta alderdiei kanpainan izaten dituzten gastuei aurre egiteko aurreratu egiten zaie.Partida, legez, honela zehaztuta dago: 18.000 euro inguru Eusko Legebiltzarrean eskuratutako eserleku bakoitzagatik. Sei euro inguru hautagai zerrenda bakoitzak eskuratutako boto bakoitzagatik, betiere gutxienez kide batek dagokion hautes-barrutian aulkia eskuratu badu. 35.000 euro inguru hauteskunde barruti bakoitzeko, gutxienez eserleku bat eskuratzen dutenei hauteskunde barruti bakoitzeko.Aurrekoaz gain, diru laguntza ematen zaie hautesleei propaganda, gutun-azal eta botopaper edo hauteskunde publizitateko bestelako zeinahi elementuren igorpen zuzenak eragindako gastuak ordaintzeko. 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 4,2 milioi euro banatu zituen Eusko Jaurlaritzak aurkeztu eta ordezkaritza lortu zuten bost alderdiren artean. Aurtengo apirileko hauteskunde gastuak ordaintzeko, bost milioi euro baino gehiago gastatuko diru Jaurlaritzak.

Legebiltzarrean onartzen den diru laguntza, «alegala»

Bestetik, 1994az geroztik, urtero EAEko aurrekontuetan «alderdien ohiko funtzionamendua laguntzeko» Eusko Legebiltzarrak zehazten duen partida bat dago alderdientzat. Horrek ika-mika handia sortu du.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren eztabaida Eusko Legebiltzarrera iristen denean legebiltzarkide gehienek emendakin zehatz bat onartzen dute euren talde politikoen jarduera diruz laguntzeko. Herrizaingo Sailak hauteskundeen atalean sartzen duen programa berezian zehaztuta dago partida hori, izen honekin: «Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten alderdi politikoentzako diru laguntzak beren ohiko funtzionamendu gastuei aurre egiteko». Alderdi politiko bakoitzak Eusko Legebiltzarrean lorturiko eserlekuen arabera banatzen da dirua.HB, EH, Batasuna eta SA izan dira legebiltzarkide talde bakarrak diru laguntza horiek ematearen kontrako jarrera erakutsi dutenak. Bidegabeko diru laguntza dela salatu dute. Era berean, Eusko Legebiltzarrean onarturiko diru laguntza Espainiako Diru Kontuen Epaitegiak salatu du. 2003. urtean aurkeztu zuen Espainiako Diru Kontuen Epaitegiak alderdi politikoen 2001eko fiskalizatze txostena. Bertan jasotzen denez,Espainiako Hauteskundeen Lege Organikoaren kontra jotzen du Legebiltzarrak onartzen duen partida. 1987an onarturiko legean alderdi politikoek jaso ditzaketen diruak zehazten dira. Erkidegoetako erakundeek diru laguntzak emateko aukerarik ez dute.Beraz, Diru Kontuen Epaitegiaren arabera, Eusko Legebiltzarrean onartzen den laguntzak «arauen batasuna hausten du». Gainera, epaitegiaren irudiko, alderdi politikoen arteko ezberdintasunak finkatzen ditu eta alderdiek jaso dezaketen dirua kontrolatzeko arazoak sortzen ditu. «Alegala» dela nabarmendu du.Egun, EAEko eta Kataluniako alderdi politikoak dira horrelako diru laguntzak jasotzen dituzten bakarrak. Gainera, Espainiako Diru Kontuen Epaitegiak nabarmendu duenez, euskal alderdi politikoek urtero jasotzen duten partida hori Espainiako Gobernuak ematen diena baino altuagoa da.Hala, 2001ean EAJk 986.879 euro jaso zituen Espainiako herri-administraziotik eta 1.117.649 euro Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik. EAri 230.005 euro egokitu zitzaizkion Espainiako kutxatik eta 360.872 EAEtik. Hortaz, 130.000 euro gehiago jaso zituzten bi alderdiek teorian eskasagoa den erkidegoaren kutxa batetik, Espainiakotik baino.Orotara, azken bost urteotan 22 milioi euro baino gehiago jaso dituzte alderdiek Eusko Legebiltzarreko taldeek adosturiko emendakinari esker. Salbuespen bakarra Batasuna izan da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Batasuna legez kanpo utzi eta zegozkion diru sarrerak «izoztea» agindu zuen unetik, 2003tik hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak ez baitu diru hori banatu. Halaber,Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldeari ukatu zion Eusko Legebiltzarrak gainerako taldeek jasotzen duten diru laguntza, eta soilik legebiltzarkide bakoitzari dagokion soldata ordaindu dio.

Diru laguntzaren erabileraren kontrola

Euskal Autonomia Erkidegoko Diru Kontuen Epaitegiak Jaurlaritzak hauteskundeetarako banatzen duen diru laguntza kontrolatu eta alderdi politikoek nola erabiltzen duten ikuskatzen du.Bestela, alderdi politikoek jasotzen edo kudeatzen duten sosak kontrolatzea Espainiako Diru Kontuen Epaitegiari dagokio.

EAEko Diru Kontuen Epaitegiak hauteskundeen ostean txostena prestatu eta argitaratzen du. Horretan biltzen dira EAEko hauteskundeetan ordezkaritza lortu dutenedo hauteskunde kanpainarako diru laguntza aurreratzeko eskaria egin duten alderdien sarrera eta gastuen kontabilitatea. Epaitegia aurrera begirako gomendioak edo akatsak zuzentzeko aginduak emateko gai da.Hauteskundeetan egindako gastu guztiak agirien bitartez justifikatu behar dituzte alderdiek eta gastatu dezaketena legez mugatuta dago. Urtero Eusko Legebiltzarrak agindu bat onartzen du hauteskunde-zerrendek kanpainarako erabili dezaketen diruari muga bat jartzeko. Gainera, EAEko hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiek edo koalizioek beste bide batzuetatik jaso dezaketen bestelako diru sarrerak ere kontrolatzen ditu EAEko Diru Kontuen Epaitegiak. Norbanakoek egiten dituztendiru ezarpenak egiteko unean pertsonaren izena, helbidea, eta NANaren egiaztagiria beharrezkoak dira. Ekarpen horiek muga badute: 6.000 euro.

-

FINANTZAKETA LEGEA



Kontrolik ez norbanakoen diru sarreretan



Alderdi politiko nagusiek izen-abizenez ezagutzen ez diren eskuetatik jasotzen dituzte diru ekarpen gehienak Espainian. Kasu horretan daude, Espainiako Diru Kontuen Epaitegiaren arabera, PP, PSOE, CiU eta EAJ. Azken hamahiru urteotan, enpresa edo lagun anonimoen eskuetatik 90 milioi euro jaso dituzte lau alderdi politikoek. Diru ekarpen anonimo bakoitzaren atzean zer ezkutatzen den asmatzea nahiko luke batek baino gehiagok.

Espainiako Alderdi Politikoen Finantzaketarako Legeak onartzen dituen diru ekarpen anonimo horiek debekatuta daude Europako herrialde gehienetan.

Espainiako Diru Kontuen Epaitegiak behin eta berriro eskatu du 1987ko legearen erreformari ekiteko, baina Espainiako Kongresuko talde politikoek ez dira oraindik ados jarri.

Finantzaketa Legeak bi diru ekarpen zehazten ditu. Hauteskunde kanpainarako egiten direnak izen-abizenez egin behar dira, eta diru kopuruan ez dago mugarik. Alderdien eguneroko jarduna laguntzeko egiten direnak anonimoak izan daitezke, baina lagun bakoitzak ezin du 60.000 euro baino gehiago eman. Dena den, anonimoak direnez lagun edo enpresa batek birritan, hirutan edo nahi duen alditan 60.000 euroko sarrera egin dezake, eta kito. Arazoa konpontzeko modu bakarra, beraz, legea aldatzea da. PSOEk Alderdien Finantzaketa Lege berriaren zirriborro bat prestatu du. «Gardentasunaren alde», ekarpen anonimoak ezabatzen ditu proposamenak. Antza denez, PP neurri horren aldekoa da. Ikusteko dago Espainiako Kongresuko gainerako alderdi politikoen jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.