Eusko Legebiltzarrak zortzi milioi eurotik gorako aurrekontua du aurten legebiltzarkide taldeak laguntzeko eta legebiltzarkideen soldatak ordaintzeko. Nafarroako Parlamentuan, aldiz, parlamentariek ez dute soldata finkoa jasotzen.
Eusko Legebiltzarreko talde bakoitzari dirua banatzen zaio bulegoa antolatzeko eta hornitzeko. Aurten 190.968 euroko diru laguntza izanen du bakoitzak. Halaber, eserleku bakoitzeko 2.652 euro jasoko ditu talde bakoitzak hilean.Eusko Legebiltzarrean aritzen diren talde guztiek idazkariak, aholkulariak eta komunikazio arduradunak dituzte. Langile horien soldatak ez dituzte alderdi politikoek ordaintzen, Legebiltzarrak baizik. Legebiltzarkide talde bakoitzak lau langile hartzeko eskubidea du, konfiantzazko karguak dira eta alderdiak berak aukeratzen ditu. 1.801 euroko soldata gordina jasoko dute aurten.Talde Mistoaren kasuan, Legebiltzarreko Mahaiaren atzoko erabakiaren ondorioz, Aralarrek eta EB-Berdeek taldearen barne funtzionamendua arautu beharko dute. Aurrerantzean euren artean hitzartu beharko dute taldeari dagokion diru laguntza nola banatu, baita alderdi bakoitzari dagozkion langileak zeinek hartu. Aurreikus daitekeenez, EB-Berdeek eskuratuko ditu langileen hiru laurdenak, baita taldearen diru laguntzaren hiru laurdenak ere.Halaber, EB-Berdeek Aralarrekin hitzartu eta zehaztu beharko du taldearen bozeramailea nor izango den, Talde Mistoak bozeramaile bakarra izateko eskubidea baitu. Aurreko legegintzaldian, Enriqueta Benito, PPko taldea utzi eta Talde Mistoan sartu zenean, ados jarri zen EB-Berdeak taldearekin bozeramailetza tartekatzeko.
Soldatak
Taldeari dagokion diru laguntzaz aparte, Eusko Legebiltzarrean lan egitearen truke legebiltzarkide bakoitzak batez beste lau mila euro kobratuko ditu hilean. Soldataz gainera, legebiltzarkideen joan-etorriak ordaintzen ditu Legebiltzarrak.
Soldatari dagokionez, legebiltzarkide bakoitzaren arduraren araberako banaketa egiten da. Legebiltzarreko Mahaia osatzen duten bost legebiltzarkideek haren lankideak baino mila euro gehiago kobratuko dituzte. Lehendakariak, adibidez, 5.980 euroko soldata gordina du. Eusko Legebiltzarrean kotizazioa altua denez, %26koa inguru, 4.425 euroko soldata garbia jasoko du hilean Izaskun Bilbaok.Legebiltzarreko Mahaiko kide bakoitzak bere taldearen bulegoaz gainera, aparteko bulegoa du eta hori atenditzeko idazkari bat hartzeko eskubidea. Langile horren soldata Eusko Legebiltzarrak ordaintzen du.
Bestetik, legebiltzarkide taldearen barruan alde nabarmena dago bozeramaileak eta gainerako kideek jasotzen duten soldataren artean; hilean 700 eurokoa gutxi gorabehera. EAJko Joseba Egibarrek edo PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek 5.030 euroko soldata gordina jasoko dute hilean. Soldatarekin batera, dietak jasotzen dituzte legebiltzarkideekGasteizera joateko egin behar dituzten kilometroen arabera. Hala, Arabako legebiltzarkide bakoitzak hilean 296 euro jasoko ditu, Bizkaiko legebiltzarkideak 434 eta Gipuzkoakoak 477. Iazko diru laguntzarekin alderatuta %3 igo da partida. Gainera, autobiderako txartelak banatzen zaizkie parlamentariei.
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako parlamentariek bilkuretara joan beharra dute, dirua eskuratu nahi izanez gero.Parlamentuko Mahaiak urtero diru kopuruaren zenbatekoa erabakitzen du. Aurten Iruñean edo inguruetan bizi diren parlamentariak 132,63 euro kobratzen ari dira bilkura bakoitzeko.Iruñera joateko 25 kilometro baino gehiago egin behar dituztenak 157,12 euro eskuratzen ari dira.
Legebiltzarkide taldeei dagokienez, beharrezkoa da gutxienez ere hiru foru parlamentari biltzea taldea eratzeko. Diru laguntza finko bat emanen zaie Parlamentuaren aurrekontuaren kargura, berdina guztientzat, eta beste bat, aldakorra, talde bakoitzak duen parlamentari kopuruaren araberakoa.
EUSKAL ALDERDI POLITIKOEN FINANTZAKETA. Lortutako parlamentarien arabera banatutako dirua
EAEn parlamentariek soldata finkoa dute, eta Nafarroakoek, berriz, dietak jasotzen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu