Euskal bihotzak Lekorneri so

Lekorneko Baigura ikastolaren estreinaldi ofiziala egin zuten atzo. Herriko etxearen jarrera eredugarria izan dela nabarmendu dute, ikastola egiteko baimena eta laguntzak emateagatik.

Aitor Renteria.
Lekorne
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Baigura mendiak lagun berria du. Ez da mendizaleen topalekua, euskaltzaleen abaroa eta haurren lagun hurkoa baizik. Lapurdin dago, Lekornen. Eta mendia bezala, behar bezain luze, tinko eta sendo bizitzeko itxaropenez sortu da. Atzo egin zuten estreinaldi ofiziala. Sentimenduak errunaldi bakarrean laburbildu zituen Jef Mateo Seaskako lehendakariordeak. «Gaur Euskal Herria Lekorneri so dago, ukan duen jarrera eredugarria izan delako».

Parean dituen nekeziak begiz kendu gabe sortu da Seaskaren 29. ikastola, baina iragan hurbilean gainditutako erronka eta egindako lanaz harro. Esker hitza ahoz aho eta begiz begi ibili zen atzo. Ikastola bat irekitzea sekula ez da aise betetzen den eginkizuna, baina ez da hain maldatsua izan oraingoan, Herriko Etxearen laguntzari esker.

Lucien Betbederer Lekorneko auzapezak egin zuen harrera ofiziala, Seaskako eta tokiko erakundeen ordezkariekin batera. Abantzu bi hamarkadaz hutsik egon den eskola publiko zaharra aipatu zuen. Guraso talde baten eskaria onartu, eta tarrapataka, lanari ekin zioten. Gurasoek lana egin dute uda osoan, egoitza tindatzen, lurra estaltzen, altzariak egiten. Ikastolak zabal ditu ateak herritarren pozerako.

Falloux legeak erakunde publikoei debekatzen die egitura pribatuei diru laguntzak ematea. Legea zuzenean aipatu gabe, saihesteko bidea eman zuen auzapezak, eraikuntza publikoak Seaskariutzi ahal izateko. «Prefetak gutxi irauten du gurean, fite egiten dute ihes, eta guk hemen segitzen dugu, gure nortasuna eta hizkuntza defenditzen».

Dagoeneko 2.800 ikasle ditu Seaskak. Elkartasunean oinarrituz, zailtasun guztiak garaitzeko borondate irmoa duela nabarmendu zuen Mateok. «Bihar edo etzi, Lekornen izanen dituzuen sendagile, arkitekto, laborari edo langile euskaldunak etxe honetatik aterako dira».

Keinu isilak

Hitz ugari egon ziren anonimotasunean ekarritako laguntza eskertzeko. Santutxuko (Bilbo) Karmelo ikastolako bi guraso eta haien haurrak ere Lekornen izan ziren. Ez zuten hitza hartu, baina ikastola hartako gurasoek diru bilketa egin dute, eta Baigura ikastolari ematea deliberatu. Bero eskertu zieten egindakoa. Bestalde, Beñat Intxauspe Hazparneko kontseilari nagusiak ikastolek urte luzeetan egindako lan nekaezina eskertu zuen. Euskararen egoera larria nabarmendu zuen: «Euskararen erronka ez dago irabazia, baina saiatu beharreko parioa da, gure nortasunaren ezaugarri nagusietariko bat delako».

Baigura ikastola ez da Lekorneko ikastola izateko helburuz sortu. Lekorne, Heleta, Makea eta Lekuineko ikastola izan nahi du, eskualdean euskaren eskaintza zabalduz. Hamabi ikaslez ireki da ikastola, eta ikasturtea bukatu aitzin hamazazpi ukanen ditu. 21 ikasle inguru ukanen ditu heldu den sartzean eta aurki txiki gelditzea espero duela erran zuen Jorajuriak. «Dagoeneko geroaz pentsatzen hasi behar dugu, garapena bermatzeko».

Eskolako jolas eremuaren aitzinean izaia handi bat dago. Eskola publikoko azken irakasleek landatu zuten. Bertan jolastu zuen Paul Mendiburu herriko hautetsia haurra zelarik. Atzo poz berezia zeukala adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.