Memoria Historikoa

Euskal Brigadako gudari eta milizianoak omenduko dituzte Asturiasen

Deshobiratze proiektuen gaia "kontu handiz" hartzekoa dela esan dute Eusko Lurra Fundazioa eta Lau Haizetara Gogoan taldeko ordezkariek.

urtzi urkizu
2013ko apirilaren 19a
17:39
Entzun

Maiatzaren 18an omenaldi soziopolitikoa egingo diete Euskal Brigadako gudari eta milizianoei Asturiasen, Nalon ibaiaren ertzean. Omenaldi hori antolatzeko eta osatzen joateko auzolan bat hasi nahi dute erakunde historikoek, senitartekoek zein hainbat talde eta euskal kulturako pertsonek. Eusko Lurra Fundazioa, Lau Haizetara Gogoan, CNT eta EPK-ko kideek Donostian aurkeztu dute gaur omenaldia. Euskal Herritik joateko hainbat autobus antolatzeko asmoa dute. Halaber, Asturiasko ezkerreko jendea inplikatzea nahi dute. "Asmoa jende andana biltzea da, Euskal Brigadaren oroimen soziopolitikoaren berreskurapen osoan lehenbiziko urratsak egiten hasteko", esan du Antxon Gomez Eusko Lurra Fundazioko zuzendariak.

Aurkezpenean, bestetik, kritiko azaldu dira azkenaldian egin diren deshobiratzeko baldintzekin. "Giza eskubideen urraketa larrien biktimen gorpuzkiak deshobiratzea katarsi kolektibo bat da. Nahasten diren faktore eta sentsibilitateen aniztasuna dela eta, kontu handiz hartu beharreko gaia da", esan du Gomezek. "Areces-en kasuan, ipar fronteko hobirik handiena eta Asturiasen eraildako euskaldunez osatua izatean, eragin hori handiagoa izatea aurreikus daiteke". Testuinguru horretan, deshobiratze proiektuak sustatzen dituzten instituzioek erakunde historikoekin harreman iraunkorrak mantentzea "ezinbestekoa" dela uste du Eusko Lurra Fundazioko arduradunak. "Kalteturiko mugimendu sozialek memoria historikoa berreskuratzera zuzenduriko politiken diseinu eta egituraketan parte hartzerik ez badute, esperientziak esaten digu giza eskubideen nazioarteko legeria ez dela betetzen".

1936ko gerran parte hartu zuten bi miliziano izan dira Donostiako aurkezpenean: Marcelo Usabiaga eta Felix Padin. Asturiasen, Euskal Brigadako 290 euskal gudari eta miliziano hil ziren; horietatik erdiak, ANVko militanteak, eta beste %30 militante, anarkistak eta komunistak. Asturiasko borrokan izandako historia "bere osotasunean" berreskuratzeko lanean ari da Eusko Lurra Fundazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.