HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea hil honetan itzuliko da Euskal Herrira, gutun bidez hainbat eragile politikori eta gizarte eragileri adierazi dienez. Nazioarteko Taldeak eragile horiekin guztiekin bildu nahi du, gutunean adierazi dienez.
Brian Currin abokatu hegoafrikarrak igorri die gutuna iaz Euskal Herrian ezagutu zituen ordezkariei. Bera egiten ari da taldeko gidari lana. Gutunean adierazi die joan den asteburuan biltzekoak zirela —gutunak martxoaren 21eko data dauka—, azken gertaerak aztertzeko eta bereziki bi gai jorratzeko: «Ezker Abertzalearen xedeak ordezkatuko dituen alderdi politiko baten legeztatzea, zeina indarkeriaren aurka dagoen eta bide soilik konstituzionalak babesten dituen —esaterako, berriki eratutako alderdia, Sortu—» eta «sinesgarritasunez eta eraginkortasunez jardungo duen Su-etena Egiaztatzeko Nazioarteko Batzorde baten osaketa».
Horiek biak dira HNTk hilabeteotan izango dituen eginkizun nagusiak, eta, zehazki, Espainiako Gobernuari begira taldeak helburuok lortze aldera egin dezakeen ekarpena lantzen ari dira.
Esperientziak ezagutarazi
Nazioarteko Taldea prest da taldekideen esperientzia eta eskarmentua mintzaideekin partekatzeko. Alor hauek aipatzen dituzte, besteak beste: defentsa eta lobbying-a; gatazken eraldaketarako erraztaile lanak; nazio mailako zein nazioarteko justizia penalaren inguruko aholkularitza; Trantsizio-Justizia eta Egia eta Berradiskidetze Prozesuen inguruko informazio eta laguntza; biktimen eskubideen, biktimentzako baliabideen eta ezarpen mekanismoen inguruko aholkularitza; gatazka ondorengo egoera bati lotutako espetxe politiken erreformaren gaineko orientazioa; giza eskubideen itun eta hitzarmenen aplikazioaren inguruko orientazioa; presoak askatzeko prozesuen eta amnistiari buruzko gaien inguruko aholkularitza eta laguntza; nazioarteko zein nazio mailako polizia politikak, gertaeren ikerketa eta ikertzeko gaitasuna; su-etenaren egiaztapen prozesuen gaineko orientazioa eta, beharrezkoa balitz, dagokion erakundearen eraketaren gainekoa.
Euskal eragileekin bilduko da Nazioarteko Taldea hil honetan
Gutun bat igorri die Brian Currinek iaz harremanetan jarri zen gizarte eragileei eta eragile politikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu