«Gaurkoan, Eibartik, argi eta garbi adierazi nahi dugu: Euskal Herriko Errepublika eratzea da EH Bilduren helburua». Halaxe mintzatu zen EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegi koalizio subiranistak Eibarren egindako ekitaldian. Eibarren bertan Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenetik hasita, hainbat gertakari historiko aipatu zituen Mintegik, eta salatu zuen espainiar militarrek ezarri zutela Espainiako konstituzioan erabakitzeko eskubidea ukatzen duen artikulua. «Hori da inposatu zaigun herentzia, hori da frankismoa, hori da egungo Espainia», esan zuen.
Euria gorabehera, edo euriagatik, txiki geratu zen ekitaldirako prestatua zegoen karpa. Gipuzkoako zerrendakideez gain —han ziren, besteak beste, Xabier Isasi, Rebeka Ubera, Marian Beitialarrangoitia eta Pello Urizar—, bertan izan zen Osakar Matute Bizkaiko hautagaia ere. Txalapartariek sarrera egin eta herriko euskal presoak aipatuta, bertso sorta bat abestuz hasi zuten ekitaldia. «Frankismuan idolatrak / bapatian demokratak», eta «beste guztien moduan / geu be bagara munduan», bota zituen Jesus Mari Gisasola Trunboi bertsolariak, ondoren Mintegik esango zituenen ildotik.
«II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria izan zen Eibar, 1931ko apirilaren 14 goizaldean». Horixe dago idatzia Eibarko udaletxe sarrerako horman, eta horixe gogoratuz hasi zuen hitzaldia Mintegik, udaletxe aurreko plazan. Garai hartan hainbat aurrerapen izan zirela gogoratu zuen, besteak beste, euskal eskola publikoa. «1936ko estatu kolpearekin suntsitu nahi izan zituzten herritarren eskubideak», esan, eta salatu zuen Francok berak hautatu zuela Espainiako estatu-burua.
Oraindik orain zenbaiti «frankismoaren izpiritua» ateratzen zaiela oharatarazi zuen Mintegik. Horren adibidetzat jarri zituen, esaterako, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren hitzak —bere helburua ikasle katalanak «espainiartzea» zela aitortu zuen— eta Kataluniako Diada eguneko independentzia aldarrikapenen inguruan militar espainiar batek esandakoak— «Nire eta beste militar askoren gorpuen gainetik pasa beharko duzue», hain zuzen—. Segidan, argi utzi zuen: «EH Bilduk ez die euro bat bera ere emango ez Borboiei, ez Guardia Zibilari, ez eta Espainiako armadari ere. Zentimorik ez gure eskubideak urratzen dituztenei». Izan ere, Mintegik gogorarazi zuen kupoaren 813 milioi euroekin ordaintzen dutela hori herritarrek.
«Eskuinari aurre egiteko»
Eibarren historia aipatuz hasi zen Matute ere, gogoratuz Eibar beti izan dela herri langilea, baita «frankismoaren aurkako erresistentziaren eredu» ere. Espainia aipatuz, Matutek adierazi zuen diktadura eta monarkia beti doazela «eskutik». Hauxe galdetu zuen ondoren, publikoaren txaloak irabaziz erantzun moduan: «Zergatik ez dira hainbeste tematzen euren konstituzioa betetzen, etxebizitza, osasun, hezkuntza eta kultur eskubideak bermatzeko denean? Edo bankari ustelak zigortzeko?».
Segidan, EAJri eta PSE-EEri egin zizkien kritikak. Matutek adierazi zuen «Espainiara begira» dagoela alderdi jeltzalea: «EAJk esaten zuen asteburuko iraultzaileak ginela. Hobe da hori, subiraninsta urtean egun batez eta zelai batean soilik izatea baino». PSE-EEri, berriz, eskuindar izatea egotzi zion, besteak beste, hezkuntzan eta oinarrizko errentan murrizketak egiteagatik. «Beharrezkoa da eredu hori gainditzea», esan zuen, eta gaineratu zuen EH Bildu dela irabaz dezakeen erreferente ezkertiarra: «Inoiz ez bezalako aukerak ditugu eskuinari aurre egiteko». Gaur BEC betetzeko deiarekin amaitu zen ekitaldia Eibarren.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH BIldu
Euskal Errepublika aldarrikatu, eta eskuina garaitzera deitu du EH Bilduk
Eibarren, Mintegik salatu du Espainiako konstituzioak ez duela errespetatzen erabakitzeko eskubidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu