"Euskal Herri duin eta demokratikoan" bizitzeko Euskal Errepublika aldarrikatuko du EH Bilduk, abenduaren 6rako deitu duen manifestazioan. Espainiako Konstituzioak 40 urte beteko ditu egun horretan. Bilbon egingo du mobilizazioa koalizioak, eta Bizkaiko hiriburuan bertan egin dute deialdia, hedabideen aurreko agerraldian. Alba Fatuarte koalizioaren Bilboko zinegotziak eta Oskar Matute diputatuak hartu dute hitza.
EH Bilduko hautetsiek nabarmendu dutenez, Espainiako Konstituzioa Euskal Herriak "bizi duen inposizioaren oinarria eta giltzarrapoa" da. "40 urteko diktaduraren jarraipena baino ez da" izan, "78ko erregimena" delakoaren bitartez. Fatuarteren eta Matuteren arabera, helburu guztien gainetik du "Espainiako batasuna mantentzea".
Espainiako oinarrizko legearen izaera zein den Katalunian ondo dakitela adierazi du koalizioak, "erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko tresnak eman zizkieten ordezkari politiko eta instituzional katalanek, espetxearekin edota erbestealdiarekin ordaintzen ari direlako egin zutena". Euskal Herrian ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko "urrats sendo eta eraginkorrak eman dituzten guztiek" estatuaren errepresioa jasan dutela gaineratu dute.
Konstituzioak zilegitasun gabezia duela ere ziurtatu du EH Bilduk, "euskal gizartearen gehiengo sozial eta politiko handi batek" ez duelako bere burua marko horretan "ordezkatuta ikusten". Hego Euskal Herrian, %35ekoa baino babes apalagoa jaso zuela gogorarazi dute.
EH Bilduk nabarmendu du konstituzioaren babesean sortu den sistema politikoan ez dela posible izan "askatasunak, demokrazia eta justizia soziala" oinarri izango dituen marko bat eraikitzea. Ondorioz, ezinbesteko jo du Euskal Errepublika sortzea, "egiazko demokrazia batean bizi" eta "nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzeko".