Euskal eskola publikoaren XXI. jaia Zarautzen (Gipuzkoa) egingo dute aurten, igandean. Hondartza, malekoia, hirigunea eta ikastolak agertoki, eskola publikoaren egoera eta balioak aldarrikatu nahi dituzte, askotariko ekitaldien bitartez. Atzo jaia aurkeztu zuten, Donostian.
Bale! Bizi garen seinale izango da aurtengo leloa, eta Euskal Herriko tradizioan lekua izan duen animalia bat aukeratu dute iruditzat: balea. Baina ez edonolakoa, "balea euskalduna, bizkorra, alaia eta jaizalea; lagun asko eta ezberdinak dituena". Irudi horrekin aniztasunaren aldeko apustua egin nahi izan dute antolatzaileek.
Jairako 300 bat boluntario behar izan dituzte. Antolatzaileen esanetan, eskola publikoen errealitatea azaleratzea eta topaketarako gune izatea da helburua. Zarauzko ikastetxeen eskaerari erantzunez ospatuko da bertan 21. jaia. Lau ikastetxe publiko daude Zarautzen: haur eskola, Orokieta eskola, Lizardi institutua eta Monte Albertia institutua.
Jaia Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolatzen du. 500 bat guraso elkarte eta 340.000 ikasle baino gehiago ordezkatzen ditu. Federazioaren barnean daude Baikara —Gipuzkoako guraso elkarteen federazioa—, Bige —Bizkaikoena—, Denon Eskolak —Arabakoena—, Eskola Txikiak —Gipuzkoako eskola txikien koordinakundea— eta Ikas-bi —Iparraldeko eskola publiko elebidunetako gurasoen elkartea—.