Euskal hedabideak "ongi kokatuta" sumatzen dituzte Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, Iban Arregi BERRIA Taldeko hedabideen arduradunak eta Gorka Julio informatika ingeniariak, baina sinergien beharra nabarmendu dute. Mahai ingurua egin dute Donostian, Joxemi Zumalabe zenaren omenezko ekitaldietan.
Euskal hedabideak euskarri guztietan "ondo kokatuta" daudela uste dute adituek, baina beharrezko dute elkarrekin aritzea eta sinergiak bilatzea. Are gehiago krisi garai betean.
Joxemi Zumalabe zena gogoratzeko ekitaldien arteko hirugarren mahai ingurua izan da Donostian egin dutena. Euskal esparru komunikatiboaz aritu dira hizlariak.
Euskarazko hedabideak paperean zein Interneten ongi ari direla uste du Iban Arregik, baina "negozio eredu berriak" bilatzeko beharra dagoela nabarmendu du, presentzia horri etekin handiagoa ateratzeko. Irakurleak erakartzeko, bestalde, "eduki propioak eta kalitatezkoak" lantzea ezinbestekotzat jo du.
Teknologian urratsak egin behar dira, baina erredakzioak eta kazetarien marka zaintzeaz ezin dira ahaztu hedabideak, Iñaki Sotoren arabera. Gainera, nabarmendu du hedabideek, egungo testuinguruan, prozesu politikoa lagundu behar dutela.
Euskal komunitatea Interneten ongi ari dela uste du Gorka Juliok, oro har. Baina edukiak zabaltzeko eta sortutakoen eragina areagotzeko ahaleginak bateratu behar direla erantsi du.
"Estrategia bateratu" horien adibideak ere aipatu dituzte mahai inguruan. Hamaika Telebista eta Bidasoa Inprimatzeko Zentroa jarri dituzte elkarlan horien adibide eta etorkizunean sakondu beharreko lan molde gisa.
"Berariazko politikak" euskararentzat
Euskaraz lanean ari diren eta euskaraz argitaratzen duten hedabideek, hizkuntza gutxitu batean dihardutenez, "berariazko politikak" behar dituzte, haientzat apropos zehaztuak. Ideia hori eman du Agirrek. Arregik erantsi du herritar askok erdaretan irakurtzeko ohitura dutela eta joera horiek iraultzeko beharrezko dela pertsonek horri buruz gogoeta egitea, baina baita erakunde publikoek hausnarketa egitea ere.
Hiru mahai inguruko ziklo baten azkena izan da. Aurrenekoan, Mugimendu sozialak eta prestakuntza gaiaz aritu ziren Emagineko Miren Aranguren, GITEko Nicola Foroni aditua eta EHNEko Paul Nicholson. Bigarrenean, Kapitalismoak badu alternatiba gaiari buruz aritu ziren Mertxe Larrañaga eta Iñaki Antiguedad EHUko irakasleak eta Otxandioko Herri Ola eta Hiriak taldeetako ordezkariak.
Gaur, magia, antzerki, kantu eta bertso ikuskizuna egingo dute Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, 19:00etan. Eta igande eguerdian omenaldia izango da, Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa).
Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetakoa izan zen Zumalabe. Orain hogei urte hil zen, 42 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.