aberri eguna

"Euskal estatua" aldarrikatu dute milaka lagunek Iruñean

Aberri Egunean Independentista sareak egindako deialdiak milaka herritarren babesa jaso zuen atzo, baita hainbat eragile eta alderdirena ere. EAJk Bilbon egin zuen ekitaldia.

2013ko apirilaren 1a
09:26
Entzun

Milaka lagunek babestu zuten atzo Independentista sareak Aberri Egunaren harira deitutako manifestazioa. Bandera berdeak, ikurrinak, Nafarroakoak...izan ziren, baita independentziaren aldeko oihuak ere. Martxaren hasieran, Xabier Lopez Peña zena oroitu zuten. Amaiera, berriz, Sarasate pasealekuan izan zen, eta Independentistak sarearen izenean, Garbiñe Buenok irakurri zuen adierazpena.

Buenoren arabera, "burujabetza ezak" Espainiaren eta Frantziaren "eskutan" uzten du herria, eta horrela, politikari "ezgai eta ustelak jasan" beharra. Buenok nabarmendu zuen "bideragarriagoa" dela euskal estatu bat sortzea, "aurreratutako demokrazia" eta "justizia soziala" bilduko dituena. Independentzia "herriaren eta herriarentzako proiektu" gisa aipatu zuen Buenok.

Alderdien artean, EH Bilduk biltzen dituen alderdietako ordezkariak izan ziren, besteak beste. Guztiak aldarrikapen berarekin: "Euskal estatu bat". Aldarrikapena baino, independentzia Euskal Herriarentzat "beharra" dela azaldu zuten. Aralarren izenean, esaterako, Xabi Lasa Nafarroako parlamentariak hartu zuen hitza: “Euskal Herriaren estatu berriaren aldarrikapena lotu behar da ezkertiartasunarekin, feminismoarekin, ekologismoarekin eta ezkerzaletasunarekin”, adierazi zuen. Gainera, nabarmendu zuen “inoiz baino hurbilago” ikusten dela euskal estatua, eta "ezkerzale eta abertzaleen lankidetza" eskaini zuen, “batasuna oinarri hartuta helburu hori lortzeko”.

EAJ, Bilbon

EAJk Bilbon egin zuen urteroko ekitaldia. Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarrek hartu zuten hitza. Aurtengo Aberri Eguna hiru ardatz nagusiren inguruan osatu du EAJk: bakea, erabakitzeko eskubidea eta gizarte-justizia. Aberri berria leloarekin ospatu zuten jeltzaleek eguna.

"Autogobernua hobetzeko tresna berriak" aldarrikatu zituen EAJk. "Aberri Egunera etorri gara etorkizun hobea nahi dugulako, konprometituta gaudelako. Aberri Egunera etorri gara indarrak hartzeko, Euskadi izeneko etxea berritzeko", adierazi zuen Urkulluk.

Gainera, EAJk eskua luzatu dio Espainiako Gobernuari estatu ereduaz hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.