«Gaur inoiz baino garbiago, subiranotasun politikoaren bidetik etorriko da alternatiba». Atzo Iruñean, Eusko Alkartasunak, ezker abertzaleak eta Aralarrek Independentistak sareak deia egin diete herritarrei datorren igandean antolatu duen Aberri Egunera joateko. Beren mezu politikoan, Xabi Lasak, Ana Barrenak (Aralarrekoak), Txelui Morenok (ezker abertzalea) eta Aitor Etxarrik (EA) adierazi dute Euskal Herriaren beharrak eta interesak kontuan hartu gabe ezartzen direla politika ekonomikoak, eta neurri horiek «hondamendia» eragingo dutela. «Euskal estatua behar dugu gure etorkizuna eraikitzeko. Irtenbide bakarra da independentzia», azpimarratu du Lasak, euskaraz irakurritako agiri batean.
Greba orokorraren oihartzunak oraindik ez dira erabat itzali, eta haren arrakasta adierazgarria izan dela deritzote hiru alderdiok. «Nafarroako jendartearen aldarrikapen gero eta zabalagoak gehiengo berriak osatzen ari direla adierazten digu», ondorioztatu dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak. UPNk iragan astean adierazi zuen hura greba politikoa zela eta independentziaren oihuak entzun zirela. «Egia biribila da. Herri honek subiranotasunean ikusten du egungo sistema politiko eta ekonomiko ustelaren alternatiba», azaldu du.
«Ezintasunez» ikusten dute Espainiako Gobernuak inposatu eta Nafarroako Gobernuak bete besterik egiten ez dituen politikak, eta horregatik uste dute egungo egoera ekonomikoak mahai gainean jarri duela estatu propio baten beharra. «Krisiarekin zein krisirik gabe, ez dugu tresnarik gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko, baina krisiak askoz gordinago agertzen du egoera hori». Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute subiranotasun politiko eta ekonomikoaren bidetik jotzea, «Europan ahots propioa izateko eta gure interesak defenditzeko».
Arrazoi ekonomikoak ez ezik, euskarari eta kulturari lotutakoak ere aipatu dituzte. «Nafarroan, Euskararen Legeak errealitate mingarria erakusten digu. Hizkuntza eskubideak zapaltzen ditu euskararen ofizialtasuna zonaldeka banatuz, eta herritarren gehiengoaren kontra agertu dira behin eta berriz UPN eta PSN». Hala, Euskarabidearen inkesta baten arabera, nafarren gehiengo bat lurralde osoan euskara ofizialki irakastearen alde dago, baina gobernuko alderdiek «entzungorrarena» egiten dute. «Gure herriaren nortasuna, hizkuntza eta kultura babesteko eta garatzeko Espainiarekiko lotura haustea da onena», ondorioztatu dute hiru alderdiek.
Hala, herritarrei Aberri Egunean gogoeta horrekin bat egitera dei egin diete «subiranotasunaren bidea erein dezagun eta demokratikoki eraiki dezagun».
Bildu, indar metaketaren alde
Bildu koalizioak ere bat egin du Iruñean egingo den Aberri Egunarekin. Garrantzi berezia eman diote igandean Iruñean egoteari «indar soberanisten indarra» azaldu dadin. Bilduren arabera, «lan handia dago aurretik egiteko» autodeterminazio eskubidea gauzatu eta Euskal Herria independentziarantz bideratzeko. «Hori da estatuei eskatu behar zaiena era iraunkorrean. Inposaketari uko egin, eta herri bezala dagozkigun eskubideak aitortzea eta praktikara eramatea». Ildo horretatik, Udalbiltza bultzatzeko deialdia garrantzitsutzat jo du Bilduk.
Era berean, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek egin bezala, egungo egoera ekonomikoan burujabetzaren beharra agerian dagoela aldarrikatu du. «Greba orokorrean argi ikusi den bezala, gure herriak bestelako politikak, neurriak eta urratsak aldarrikatzen ditu».
Alternatibak ere bere irakurketa plazaratu du Aberri Egunaren aurrean. Larunbatean Donazarren egingo den ekitaldian parte hartuko du. Xabier Sotok eta Igor Nabarrok sinatutako iritzi artikuluak aipatzen duenez egungo Aberri Eguna ezkerreko indar soberanistak biltzen hasteko bidean lehen urrats esanguratsua izan beharko luke, eta horregatik «etorkizunera begiratzeko beharra» aldarrikatu dute.
Gogoan hartu dute ETAren erabakiaren ondorengo lehen Aberri Eguna izango dela. Egungo egoeran, gobernuek espetxe politikan duten jarrera burugogorra gaitzetsi dute. Era berean, krisi «edo iruzur honek» gatazka ideologikoa agerian utzi duela azpimarratu dute. «Egungo garai zailen errealitate gogorrari aurre egiteko gai bagara, Euskal Herri baten oinarriak jarriko ditugu».
«Euskal estatua behar da etorkizuna eraikitzeko»
Aralarrek, ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak Iruñeko Aberri Egunera joateko deia egin diete herritarreiHiru alderdien arabera, «subiranotasuna da egungo sistema ustelaren alternatiba»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu