EUSKAL ESTATUAri buruzko IRITZIA

Euskal estatuan berdin edo hobeto biziko liratekeela uste dute %57 herritarrek

Etorkizun politikoa erabakitzeko galdeketa egitearen alde daude euskal herritarren bi heren, eta %40,7 leudeke estatu propioaren alde. Ipar Hegoa Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak Euskal estatua irudikatzen. Euskal Estatuaren aurreko iritziak eta jarrerak Euskal Herrian. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa ikerketa aurkeztu dute.

'Euskal Estatua irudikatzen' ikerketa aurkeztu dut Bilbon. ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko martxoaren 16a
07:19
Entzun

Bilbon aurkeztu dute ikerketa lana, eta www.iparhegoa.org webgunean jarri dute eskuragarri. Euskal Herrian "zabalik dagoen eztabaida politiko eta sozialari ekarpena" egin nahi diote horrela: "Azterketak hutsune bat bete nahi du, estrategien gaineko gogoetak ezinbestean behar baitu errealitate printzipioari lotzea. Baina, errealitatearen azterketa honek bezainbesteko garrantzia du guretzat, honen gainean egiten den eztabaidak". Independentziaz baino, euskal estatuaz galdetu dute ikerketan.

Emaitzen arabera, oro har gehiengoak Euskal Herria zazpi lurralde historikoekin identifikatzen du —%46,2—, baina oso hurbil daude Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzen dutenak —%40,9—. Horrez gain, eta zehatzago, Nafarroan gehienek EAErekin lotzen dute, eta Ipar Euskal Herrian askok Ipar Euskal Herriarekin identifikatzen dute. Etorkizun politikoaz erabakitzeko galdeketa bat egitearen aurrean, %66,8 dira horren aldekoak —Ipar Euskal Herrian %52—. Azterketa kualitatiboaren bidez ondorioztatu dutenez, jendeak printzipio demokratiko gisa ulertzen du erabakitzeko eskubidea.

Erreferendum batean zer erantzungo luketen galdetuta, gehienak euskal edo nafar estatuaren alde leudeke: %40,7. Apur bat gutxiago dira kontra leudekenak: %35,3. Halaber, esanguratsua da lautik batek (%24) ez dakiela zer erantzun, edo ez du erantzun nahi, edo abstenitu egingo litzatekeela. Administrazio barrutietara joanda, berriz, EAEn Euskal Estatuaren aldeko jarrerak irabaziko luke; Nafarroan kontrakoak (aldekoa ia parekatuta egonda); eta Ipar Euskal Herrian, kontrako jarrerak irabaziko luke, nabarmen.

Iritzi aldakorra: aldekoak eta kontrakoak

Emaitzek azaleratu dute iritzia aldatzeko joera altua dagoela. Hirutik bat prest da iritzia aldatzeko arrazoi desberdinak direla-eta: estatu propioaren aldekoek iritzia aldatuko lukete euskarak (batez ere) eta gizarte politikak okerrera eginez gero; a priori kontra daudenek, ordea, aldeko jarrera hartuko lukete gizarte politikak eta demokraziak hobera eginez gero.

Alde eta kontra nor legokeen ere xehatu dute azterketan; alde leudeke, batez ere, euren burua ideologikoki abertzaletzat jotzen dutenak. Euskal Herria naziotzat jotzen dute, eta logikoa iruditzen zaie estatu batez jabetzea, nazioek eskubide demokratiko hori dutelako. Bestelako arrazoien artean leudeke euskal kultura bermatzea, justizia soziala bultzatzea edo egitura demokratikoagoa eta gardenagoa izatea.

Kontra leudeke, aldiz, espainiar edo frantziar sentitzen direnak, eta horrez gain, aldaketaren beharrik sentizen ez dutenak. Estatu berria sortzea arazoekin lotzen dute eta, batez ere ziurgabetasun ekonomikoarekin. Ez dute uste estatu berriak onurarik ekar dezakeenik, eta bestalde, Euskal Estatua euskal nazionalisten gai partikulartzat hartzen dute. Iritzi aldakorra dutenen artean, berriz, nagusi dira egoera ekonomikoari eta politika sozialei erreparatzen dietenak.

Bi sektore: enpresaburuak eta euskaltzaleak

Bi kasu azterketa erantsi dizkiote ikerketari; enpresaburuen eta kultur eragile euskaltzaleen iritziak. "Oso zabalduta dagoen iritziaren kontra, enpresaburu hauek ez dute zalantzarik Euskal Estatuaren bideragarritasunaz". Uste dute Espainiatik edo Frantziatik bereizteak ez liekeela kalte ekonomiko handirik ekarriko ez Euskal Herriari ez euren negozioei. Kultur eragile euskaltzale askorentzat, Euskal Estatua sortzeko arrazoi nagusia euskara suspertzea litzateke, eta gaur egun ez dute garbi ikusten hori lortuko denik oraingo joerarekin, eta hortaz ez diote lehentasun estrategikorik ematen estatu proiektuari. Estatuak tresna izan beharko luke batez ere euskal hiztunen komunitatea babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.