GIZARTEA

Euskal gehiengo sindikalak garraiolarien lan istripuak salatu ditu

Elkarretaratzea egin dute ehun bat lagunek Jaurlaritzaren aurrean, euskal errepidetako "prekarietatea" eta "segurtasun eza" salatzeko. Azken asteetan lan istripuetan hiru garraiolari hil direla gogorarazi dute. Garraiolarien heriotzak lan istripu bezala kontutan hartzeko garaia dela esan dute, eta ez trafiko istripu bezala. 

2012ko abuztuaren 22a
17:45
Entzun

ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek deituta elkarretaratzea egin dute ehun bat lagunek Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean. Azken asteetan lan istripuetan hiru garraiolari hil direla salatu dute —Fiteron (Nafarroa), Elduainen (Gipuzkoa) eta Donemiliagan (Araba)—. 

Administrazioei garraiolarien segurtasuna eta osasuna interes ekonomikoaren aurretik jartzeko eskatu diete, eta euskal errepide sareko "prekarietatea" eta "segurtasun eza" salatu dute. Eusko Jaurlaritzeri, Nafarroako Gobernuari eta hiru diputazioei neurriak hartzea galdegin diete. Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko kideak adierazi du errepideko merkantzia garraioa zerbitzu publiko bat dela, eta beraz administrazioei dagokiela hori erregulatzea eta zerbitzuaren oinarrizko baldintza batzuk bermatzea. Garraiolarien heriotza lan istripu bezala kontutan hartzeko garaia dela esan du, eta ez trafiko istripu bezala. 

Ugarteren esanetan, "errepidea garraiolariaren lantegia da", eta beraz, administrazioek harreta berezia jarri behar dute errepideen mantentzean eta zerbitzuguneak bermatzean. Gainera, garraiolariei autopistatan eta autobiatan ibiltzeko erraztasunak emateko eskatu dute, bigarren mailakoetatik atera daitezen; horretarako, peajeak eta gainkostuak kentzea galdegin dute. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.